ANFAS

Hitzarmenaren blokeoa salatu dute 14 hilabetetik gorako negoziazioen ondoren

Hitzarmenaren blokeoa salatu dute 14 hilabetetik gorako negoziazioen ondoren
Enpresa batzordeak mobilizazioak iragarri ditu zuzendaritzak erosahalmena bermatzeari uko egin diolako, 2025a irabaziekin itxi arren.

ANFASeko enpresa batzordeak (ELAko 5 ordezkari eta LABeko 4) salatu duenez, hitzarmen kolektiboa negoziatzen 14 hilabete baino gehiago daramatzaten arren, zuzendaritzak aurrerapauso oro blokeatzen jarraitzen du. Langileek erakundearen funtzionamendua bermatzen dute gero eta latzagoa den prekarietate egoeran, funtzio, erantzukizun eta lanpostuetan eskakizunak handitzen diren bitartean. Zuzendaritzak ez du langileen erosahalmena bermatu nahi ere, ANFASek 2025 urtea 129.000 euroko irabaziekin itxi duen arren. Horrek erakusten du badagoela lan baldintzak hobetzeko tarte ekonomikoa.

Egoera honen aurrean, ohartarazi dute langileak berriro mobilizazioak abiatzera behartuta ikusten direla, “edukia duen eta azkar adostuko den enpresa hitzarmena” eskatzeko, langileen profesionaltasuna eta balioa aitortuko dituena. Prekarietatea langileen rotazio handia eragiten ari da. Profesional askok beren esperientzia ekartzeko asmoz hasten dira lanean, baina azkenean elkartea uzten dute lan eta ekonomia baldintzen ezegonkortasunagatik. Mobilizazioen helburua ez da soilik lan-baldintzak hobetzea, baizik eta adimen desgaitasuna eta/edo garapen desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea bermatzea ere.