Gizain Fundazioa
Greba arrakastatsua egin dute euren soldatak Foru Administraziokoekin parekatzea eskatzeko
Eguerdian, langileek manifestazio jendetsua egin dute Iruñean, Gizainen bulegoetatik Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiraino. Mobilizazioa hasi baino lehentxeago, Gizaingo Enpresa Batzordeak –LABeko 9 ordezkarik, ELAko 2k eta CCOOko 2k osatua– lehenik eta behin salatu du Nafarroako Gobernua ez dela betetzen ari fundazioaren 6.3 artikulua, hauxe dioena: “2023ko urtarriletik aurrera, FGko langileen ordainsariak, oinarrizko soldataren eta lanpostu-osagarriaren kontzeptuak batuta, FNTPAkoekin (FUNDAPA) parekatuko dira, eta hitzarmena ultraaktibitatean dagoen aldian, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei oro har aplikatzen zaien soldata-igoera aplikatuko da”.
Gobernuak artikulu hori bete izan balu, 2023an Gizaingo langileek Administrazioko soldataren %93ko soldata izanen zuketen. Baina ez zuen bete, eta 2024an langile publiko guztiei aplikatu beharreko %2ko igoera egin zuen %93tik behera zegoen soldatari aplikatuta.
Gizaingo langileen ordezkariek bilerak egin dituzte Nafarroako Parlamentuan dauden talde politiko ezberdinekin, eta gehienek Gizain Fundazioaren I. Hitzarmena osorik betetzearen eta aplikatzearen alde agertu ziren. Baina 2025eko Nafarroako aurrekontuak negoziatzeko unea ailegatu zelarik, borondate politiko gutxi erakutsi zuten administrazioko langileekiko soldata arrakala murrizteko, eta are gutxiago langileen eskubideak errespetatzeko eta indarrean dagoen hitzarmena aplikatzeko.
Bigarrenik, Enpresa Batzordeak II. hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera salatu nahi du. Batzordearen iritziz, zuzendari gerenteak jarrera immobilista hartu du negoziazioa 2023ko martxoan hasi zenetik oztopoak jarrita, eta hitzarmena ultraaktibitatean dago 2024ko urtarriletik.
Hori guztia dela eta, Enpresa Batzordeak grebarako deia egin zuen. Eguerdiko manifestazioaz aparte, 18:00etan bertze manifestazio bat egin dute Iruñean, San Jose plazatik Sarasate pasealekuko PSNren egoitzaraino.