Igande eta jai egunetan denden irekiera gutxitzeko proposamena

2017/12/01
ELAk proposamen bat aurkeztu du Merkataritza Kontseiluaren bileran, merkataritzan ireki daitezkeen jai-egunen kopurua egutegi bati jarraikiz arian-arian gutxitzeko. Proposamen horren arabera, 2019. urterako, gehienez 3 jai-egunetan ireki ahal izanen lirateke (Ostegun Santua, tokian tokiko jai-eguna eta autonomia-erkidegoko jai-eguna), 2020. urtean irekiera bakar bat, eta 2021ean eta hurrengoetan bat ere ez.

Proposamen hori gaur, ostirala, eman da jakitera; eta datorren urteko lehen hilabeteetan sektoreko albait enpresa gehienen artean zabalduko da, eztabaidatzeko eta hitzartzeko. Akordio horren eraginkortasuna baldintza baten pean geratuko da, alegia, merkataritza-eragileen gehiengoak eta Nafarroako Gobernuak Merkataritza Kontseiluaren bilera batean berrestearen baldintzapean.

Merkataritza Kontseiluaren gaurko bileran gobernuak legezko abala eman dio patronalaren proposamenari, eta enpresek interesekotzat jotako bost jai-egunetan irekitzea baimendu du (urtarrilak 7, martxoak 29, abenduak 8 eta 23 eta tokian tokiko jai-eguna).

Ixteko akordioa dagoen enpresetan, aipaturiko bost jai-egun horiez gain, beste hauek ere proposatu dituzte: apirilak 2, ekainak 3, abuztuak 15, urriak 12 eta azaroak 1.

ELAk kontrako norabidea hartzeko eskatu dio gobernuari, eta baita lehen urrats moduan ELAren proposamena beregain hartzeko ere. Alde horretatik, bitartekari-lana egiteko eskatu zaio, sektoreko sindikatuen eta enpresa-elkargoen arteko akordio orokor bat lortze aldera, epe ertainera igande eta jai-egunetan Nafarroako merkataritzan irekitzerik egon ez dadin.