IKEAko Iruñeko langileak mobilizatu egin dira beren lan-baldintzak mantentzeko eskatzeko

2021/12/20
Iruñea IKEAko langileen gehiengoak bat egin du ELAk eta CCOOk abenduaren 20an deitutako lanuztearekin, lan-baldintzei eustea eskatzeko. Lantokiaren aurrean egindako kontzentrazioan, eta `Ikeak negoziatu gabeko lan-baldintzetan aldaketak inposatzen dizkigu. Igande eta jai egunetan irekierarik ez´ lelopean, salatu dute La Moreako merkataritza-guneko langileak IKEA Ibérica enpresara pasatu ondoren, zuzendaritzak uko egiten diola orain arte zituzten lan-baldintzak errespetatzeari, eta baldintza okerragoak ezartzen saiatzen dela.

Langileek salatu dute lan-egutegia eta oporrak eta atseden-asteburuak hartzeko formula ezarri direla. Halaber, lanaldi partzialeko kontratazioak okertuko dira `Kantinako diru-laguntzen plusa´deiturikoaren aldaketarekin.

Enpresako ordezkaritza sindikalak, ELAko ordezkari batek eta CCOOko ordezkari batek osatuta, ohartarazi du enpresa negoziatzera esertzen ez bada, mobilizazio gehiago deituko dituztela. Zehazki, abenduaren 27rako eta urtarrilaren 3rako lanuzte partzialak daude deituta, eta ez dute baztertzen hurrengo egunetan beste mobilizazio batzuk deitzea.