Iruñeko Padre Menni Klinikako lan baldintza prekarioek eta kudeaketa txarrak 20 profesional baino gehiagoren ihesa eragin du azken urtean

2020/10/23
Nafarroako Gobernuak bere gain hartu behar du bere erantzukizuna eta premiazko neurriak hartu behar ditu itunpeko zentro horren laguntza-arretaren kalitatea bermatzeko

Zuzendaritzak ezartzen duen lan-prekarioak eta pandemiaren eragina dela eta, egoera jasanezina da Iruñeko Padre Menni klinikako langileentzat. Azken urte honetan, 20 profesional baino gehiagok alde egin dute egoera hau dela eta, erizainak eta klinikako laguntzaileak besteak beste. Gogoratu behar da zentro honetako langileek bi urte baino gehiago daramatzatela hitzarmenik gabe, eros-ahalmena nabarmen galduz.

Egoera honen aurrean, zuzendaritzaren erantzuna esperientziarik gabeko pertsonak kontratatzea eta prestakuntza espezifikorik ez duten langileekin alde egin duten profesionalak ordezkatzea izan da. Horrez gain, txandak, oporrak eta ordutegiak ere aldatu ditu. Baina zuzendaritzaren kudeaketak ez du egoera hobetzen, azken egunotan langile faltagatik txandak bete gabe geratu direlarik.

ELAk, irtenbideak eskatzeko enpresako zuzendaritzarekin biltzeaz gain, Lan Ikuskaritzaren aurrean salaketak jarri ditu bere ordezkarien bitartez.

Bestalde, ELAk Nafarroako Gobernuari Padre Menni itundutako zentrua den heinean daukan erantzukizuna bere gain har dezala eskatzen dio, premiazko neurriak hartuz, eta arreta asistentzialik onena bermatu dadin. Izan ere, zentro horren aurrekontua, neurri handi batean, funts publikoetatik, ANAPetik eta Osasunbidetik dator, hainbat itunen bidez.

ELAk, batzordeko gainerako kideekin batera, mobilizazioak hasi ditu langileen lan-baldintzak hobetzeko, eta hori lortu arte ez gara geldituko.

Azkenik, ELAk eskerrak eman nahi dizkie langile hauei eta zainketen sektoreko gainerako langileei, egunero egiten duten lan handiagatik, are gehiago egungo osasun-egoeran, non beren osasuna ere jokoan jartzen duten.