LAN OSASUNA
Kamioi-gidari bat hil da Santakaran (Nafarroa)

ELAk jaso dituen aurreneko datuen arabera, 59 urteko kamiolari bat hil da gaur goizaldean Santakaran (Nafarroa), N-5330 errepidean, goizaldean gertatutako istripuan. Antza denez, gidatzen ari zen kamioia errepidetik irten eta irauli egin da, eta gidaria istripuaren unean bertan hil da. Osasun zerbitzuak bertaratu arren, ezin izan dute ezer egin. Datu gehiago jasotzeko lanean ari da sindikatua.
ELA salatzen duenez, honez gero 17 langile hil dira haien lanpostuan Hego Euskal Herrian, horietatik 4 kamioi-gidariak zirenak. Garraio sektoreko langileek pairatzen dituzten lan-baldintza gogorrak eragin zuzena dute sektoreko ezbehar-tasan eta zoritxarrez, geroz eta ohikogoak bilakatzen ari dira garraiolariek pairatzen dituzten istripuak, zeinak prekarietatearekin lotura estua duten. ELAk kontzentrazioa egingo du datorren asteartean, maiatzaren 9an, goizeko 11etan, Nafarroako Gobernuaren aurrean (Carlos III etorbidea).