LANEKO OSASUN ETA SEGURTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA
La avaricia empresarial puede enfermarte de por vida. Kapitalari aurre egin, osasuna zaindu!

Datorren apirilaren 28an laneko segurtasunaren eta osasunaren nazioarteko eguna ospatuko da urtero moduan.
Lehenik eta behin, ezin dugu ahaztu pasa den 2024 urtan gutxienez 24 langile hil zirela Nafarroan lan istripu baten ondorioz (ELAren kontaketaren arabera). Beste 23.685 pertsonek lan-istripu bat izan zuten eta 1.526 pertsona lanean gaixotu ziren. Arazoaren tamaina, ikusi daitekeen moduan oso handia da.
Arazo horrek, funtsean, bi arrazoi ditu:
-
Enpresek prebentzio arloan duten interesik eza eta eragingabetasuna: Enpresek beste kostu bat bezala ikusten dute laneko arriskuen prebentzioa, ez arauzko betebehar gisa, eta are gutxiago beren kargura dauden langileak babesteko konpromiso moral gisa.
-
Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren aurrekontu-zuzkidura ez da nahikoa prebentzio-arloko araudia betetzen dela kontrolatzeko eta bermatzeko. Oraindik ere Europako batez besteko ikuskatzaile kopuruaren erdia baino gutxiago dugu.
Nolanahi ere, gobernuen eta patronalen arteko adostasunaren ondorioz, langileek jasan behar dituzte istripu eta gaixotasun profesional guztien ondorioak, zuzenekoak zein zeharkakoak.
Azken boladan bereziki hainbat eta hainbat komunikabideetan entzun behar izan dugu CEN patronalaren burua esaten absentismo tasa altuak ditugula gurean eta arazo bat dela enpresentzat. UGT eta CCOOk bere egiten dute diskurtso hori, Enplegu Planean absentismo tasak bi puntutan jeistea adostuta. Ardura erabat langileengan uzten dute, langile klasearen kontrako kriminalizazio kanpaina bat bizitzen ari garelarik. Gobernuek eta, bereziki, enpresek langile-klaseari egotzi nahi diote lanaren ondorioz izaten dituzten istripu eta gaixotasunen erantzukizuna. Gai ekonomikoari bakarrik erreparatzen diote eta modu kontzientean, alde batera uzten dute gaixotasun profesional batek edo lan-istripu batek eragin dezakeen kalte fisiko, mental eta soziala.
Errealitate gordin hau ordea patronalak ikustarazi nahi duena baino askoz konplexuagoa da. Horregatik, ELAn aurten lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak giza ikuspegitik aztertu nahi ditugu. Sarritan ahazten zaigu estatistiketan aipatzen ditugun zenbaki guzti horien atzean pertsonak daudela, Jakes, Iratxe eta Sararen moduko langileak.
Jakes-ek 2021. urtean lan istripu oso larri bat izan zuen Idiazabaldo (Gipuzkoa) Lau Lagun enpresan lanean ari zela. Orduan 35 urte zituen. Istripuaren eraginez hanka galdu zuen. Istripua hainbat faktoreren eraginez gertatu zen: langilearen formazio falta prebentzio gaietan, laneko prozedura desegokia eta enpresak aurrez antzeman ez zuen laneko ekipoaren akats elektronikoa, besteak beste.
Sarak Burlatako (Nafarroa) Mercadonaren dendan egiten du lan. Bere dendako koordinatzailearekin arazo ugari izan zituen: Laneko ikuskariak errekonozitu zuen egoera hostila eta humiliagarria bizi zutela koordinatzailearen partetik eta eurekiko ekintza laidogarriak eta larderiazkoak zituela, euren erresistentzia psikologikoa gutxitze aldera. Enpresari honen aurrean ezer ez egiteagatik isuna jarri zitzaion.
Iratxek 2015 urtean istripu bat izan zuen Leroy Merlin enpresan lan egiten zuela. Eskuzko traspaleta batekin zama eta altuera handiko karga bat mugitzen ari zela izan zuen istripua eta belaunean lesio larriak eragin zizkion. Garrantzitsua da aipatzea lan horren arriskuen ebaluaketa ez zegoela eginda; beste modu batera esanda: lanpostuaren arriskuen ebaluaketak ez zuen ez lana bera, ez istripua izan zuen tokia ezta arriskua bera ere aurreikusten. Horri gehitu behar zaio langilea bakarrik lanean ari zela aurrez zehaztu gabe zegoen lan bat egiten.
Azaldu ditugu gai hauek adibideak besterik ez dira. Enpresetan egunero bizitzen diren errealitate gordinen estrakto txiki bat besterik ez.
Laneko segurtasunaren eta osasunaren nazioarteko egun honetan prebentzioan jarri nahi dugu arreta, lan istripuak eta gaixotasunak lanpostuetan gerta ez daitezen, edo horien baldintzen ondorioz. Enpresei segurtasunean inbertitzeko eskatu behar zaie, osasunean kalterik ez izateko. Baina ez gaitezen engaina, patronalak eta gure gobernuek garatzen dituzten politikak dira laneko ezbeharren benetako erantzuleak. Eurek eragiten dituzte, zuzenean edo zeharka, ehunka langileren istipu eta gaixotasunak, nahikoa baliabide bideratzen ez dituztelako prebentzio eta araudiaren betetze mailaren ikuskapenetara.
ELAk, orain arte egin duen bezala, Nafarroako Gobernua salatzen jarraituko du, enpresetako kontrol-mailak handitzen ez diren bitartean; horretarako ezinbestekoa da laneko ikuskarien kopurua indartzea europako batez-bestekoaren pare jartzeko: Nafarroan gaur egungo estruktura hirukoiztu beharko litzateke 45 ikuskarira arte.
Hau guztia salatzeko helburuarekin eta aurrez aipatutako hiru langileen testigantzak luze eta zabal entzun ahal izateko, datorren apirilaren 28an ELA Sindikatuak Bilboko Bizkaia Aretoan ekitaldia egingo dugu goizeko 10tan hasita.