ZERGA SISTEMA
Lakuntza: "Chiviteren Gobernuak Nafarroako botere ekonomikoen menpeko politikak egiten ditu"

ELAk batzarra egin du 300 ordezkari baino gehiagorekin, Nafarroako zerga eta aurrekontu politikaren eta etxebizitzaren inguruan aritzeko. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Saioa Urriza eskualdeko arduradunak, Aitor Murgia ELAko Gizarte Politiken arduradunak eta Sonia Ontoria Zerbitzu Juridikoen arduradunak parte hartu dute ekitaldian. Gainera, Alberto Martinez Madrilgo Maizterren Sindikatuko bozeramailea ere gonbidatu da etxebizitza politikari buruz hitz egiteko.
ELAk zerga politika errotik aldatzea planteatu du. Horretarako, PFEZa aldatu behar da errenta altuen zerga tasak handitzeko, Ondarearen gaineko Zerga aldatu behar da, eta enpresek irabazien gutxienez %25 ordainduko dutela bermatu behar da.
Baina errealitatea oso bestelakoa da, ia bere horretan jarraitzen baitu UPNren politika neoliberalak Nafarroako Gobernutik irten zela 10 urte pasa badira ere. Horren erakusgarri da 2025erako neurri fiskalen Foru Lege Proiektua (PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeak egin eta EH Bildurekin batera onartuko dena), "enpresa jardueraren fiskalitatea hobetzera zuzenduta" dagoela dio eta. Izan ere, enpresen neurrira egindako fiskalitatea dago Nafarroan. Maria Chivite Presidenteak enpresa lobbyaren ekitaldi batean aitortu berri duen bezala: "Nafarroako enpresa gehienek, termino errealetan, inguruko lurraldeetako edozeinetan baino fiskalitate hobea dute, baita estatuarekin alderatuta ere". Are gehiago, "sei enpresatik bostek zerga gutxiago ordaintzen dituzte Nafarroan Estatuko gainerako lurraldeetan baino".
Mitxel Lakuntzak azpimarratu zuenez, "Maria Chiviteren adierazpenek agerian uzten dute Nafarroako Gobernua zenbateraino dagoen botere ekonomiko eta patronalen menpe. Benetan ongi iruditzen al zaio presidenteari enpresek gero eta zerga gutxiago ordaintzea eta langileek gero eta gehiago? ". Ildo horretan, Lakuntzak gogorarazi du "enpresek irabazien marka historikoak hautsi dituztela. Horregatik -erantsi du-, Presidenteak botere ekonomikoei gogorarazi beharko lieke zer pribilegio dituzten, eta guztion onerako ekarpen gehiago egiteko betebeharra, eta, gainera, konpromisoa eskatu beharko lieke Nafarroan dagoen iruzur fiskal handiarekin amaitzeko, enpresa askok egiten baitute".
2025eko Nafarroako aurrekontuari dagokionez (PSNk, Geroa Baik, Contigo-Zurekin eta EH Bilduk hitzartutakoa), iazko azaroaren 30eko greba feministaren aldarrikapenetako bat bera ere jaso gabe jarraitzen du. Gainera, ekonomiarekiko pisua galduko du, BPGk % 4 gora egingo duela aurreikusten baita, eta aurrekontuak, berriz, % 2,6 baino ez. Gainera, ez da aurreikusten Nafarroako Gobernua erantzule den lan gatazkak konpontzea, hala nola Hezkuntzan, urtarrilaren 30ean beste greba egun bat deitu baitute, edo erresidentzietan. "Ekonomia hazten ari den bitartean -adierazi zuen Lakuntzak-, pobrezia arriskuan dauden pertsonen kopurua 96.000 pertsonatik 114.000ra igaro da urtebetean Nafarroan".
Etxebizitzaren egoerari dagokionez, jabeei zergak jaistea planteatzen du Gobernuak, baina horrek ez du arazoak konpontzeko balioko, Gobernua etxebizitza politika publikoetara BPGaren % 0,3 soilik bideratzen jarraitzen duen bitartean.
ELAren ustez, mobilizazioa ezinbestekoa da aberastasuna hobeto banatzen lagunduko duen zerga politika lortzeko, kapital zergak nabarmen handituz. Horregatik, ekitaldiaren ostean manifestazioa egin da Nafarroako Parlamenturaino.