Lan baldintzak hobetu, ituna orain

2017/11/08
Aurreikusten zen saio hau urriaren 18rako eta une horretan oraindik ez genuen Hezkuntza Departamentuaren itunerako proposamena. Gaur egun mahai gainean dugu. Beraz, egingo dugun analisia bikoitza izango da: alde batetik, hezkuntzaren inbertsioaren garapena eta gaur egungo egoera beste lurraldekoarekin alderatuta; beste aldetik, Departamentuak egindako proposamenaren analisia. Bukatzeko aurkeztuko dugu parlamentuari egiten diogun eskaria.

Europako batez besteko inbertsioa BPGren %4,9 da eta UNESCOk aholkatzen duen gutxiengoa %6a. Datu batzuk azpimarratu nahi ditugu:


• Europako herrialdeen artean Nafarroa da bere BPGtik hezkuntzan gutxien inbertitzen duenetako bat.

• Estatu Espainarreko lurraldeek bere aurrekontuetatik hezkuntzara batez beste %20a bideratzen dute, berriz Nafarroan ez da %16ra iritsi azken urteetan

• 2017an hezkuntzan inbertitu ziren 32 miloi gutxiago 2010an baino. Urte hauetan IPC %9,3 igo da eta ikasleen kopurua %7,3. Beraz 2010tik 2017ra hezkuntzaren inbertsioan % 21,3 galdu egin da.

Iturriak: Instituto Nacional de Estadística,INSE

Datu lotsagarri hauek mozorrotzeko, maiz erabiltzen da ikasle bakoitzeko inbertitzen den diru kopurua. Euroak herrialde askotan erabili arren Europan zehar, honek ez du eros ahalmen berbera bermatzen leku guztietan. Berez, elementu horrek errealitateak alderatzeko ez du balio.

Hezkuntzan BPGren %6a inbertituko balitz 1.100 miloi baino gehiago beharko lirateke eta Europako batez bestera iristeko 930 baino gehiago. Horretarako Gobernuak baditu tresnak : politika fiskala aldatzea, zor ilegitimoa ( parlamentuko lan batzorde batek 171miloi dela egiaztatu du) ez ordaintzea edota bere autogobernua erabiltzea eta gastu mugari men ez egitea, diru hori zerbitzu publikoetan erabiliz.

Fiskalitateari dagokionez, egungo zerga sistemak diru gutxi biltzen du Nafarroan, Europako batez besteko mailarekin alderatuta BPGaren %8,9 gutxiago, alegia 1675 miloi euro gutxiago.
Horretaz gain, modu injustu eta antisozialean biltzen du, diru gehiago bilduaz zeharkako zergekin zerga zuzenekin baino. Eta zuzeneko zergetan %73,8 jasotzen da lan errentetatik. Gainerakoa,
sozietate gaineko zergen bidez, enpresa eta kapitalen errenten bidez,... jasotzen delarik. Eta urtez urte desberdintasun hau handiagotzen doa. Horrez gain, iruzur fiskalak oso handia izaten jarraitzen du.

Elementu hauek guztiak aldatuko balira ( fiskalitatea, zor ilegitimoa ez ordaintzea edota Estatuak inposatutako gastu mugari men ez egitea) diru sarrera nahikorik izango litzateke Nafarroako
errealitate oinarritutako politika sozialak egiteko eta zerbitzu publikoak, gehien bat hezkuntza, indartzeko.

Ezin izan dugu aurrekontu proiektua aztertu, baina komunikabideetan agertutako informazioaren araberan nahiz eta igoera orokorra %4,04 izan, hezkuntzan %1,3a besterik ez da haundituko aurrekontua.

Hezkuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itun bat egitea espero genuen, asmo sindikalak jasoko zituena, eta murrizketak lehengoratzeko epeak zehazteko zituena. Ezin dugu ahaztu hezkuntza publikoak, gizartearen oinarrizko eskubide eta beharrak bermatzen dituela, kapitalismoaren negoziotik babestuz, berdintasun eta objektibotasun printzipioetan oinarrituta. Ezinbestekoa da hau aukera berdintasun eta gizarte kohesioa lortu ahal izateko. Beraz, Nafarroako gobernuarentzat hezkuntza publikoa lehentasuna izan beharko litzateke.

Hau horrela, berreskuratu nahi genituen galdutako ehunka enpleguak, eta amaitu nahi genuen enpleguaren prekarizazioarekin. Azkenean, joan den martxoan negoziazioaren atariko fasea hasi
genuen. Sindikatuok azkar bidali genituen gure proposamenak, eta sektore-mahaiko bileretan, maiatzaren 31ra artekoetan, xehetasun guztiak eman genituen. Maiatzaren 31ko azken bileran, Hezkuntzako zuzendari nagusiak bere proposamena pare bat astetan guri bidaltzeko hitza eman zigun, ondoren negoziazio-faseari ekiteko, eta akordioak aurrekontu-aurreproiektuan islatzeko.

Bost hilabete pasa ondoren inolako proposamenik gabe mobilizazioetara jo genuen urriaren 20an. Elkarretaratzeak egin genituen ikastetxeetan eta kalean, prozesuarekin gure desadostasunak
plazaratzeko eta lehenbailehen negoziazioa hasteko. Urriaren 23an elkartu ginen kontseilariarekin eta azaroaren 3an igorri ziguten proposamena. Hitz onak eta dirurik ez, maiatzean geunden ia egoera berberean gaude orain. Legealdiaren 2 urte t´erdi igaro ondoren, gobernuak bere akordio programatikoan hartu zituen hezkuntzako konpromisoetatik oso gutxi bete dira ( eraikuntza berriakegiteko partida igo zen iaz, eta haur eta lehen hezkuntzako ratioak lehengoratu) Hezkuntzan jasan ziren murrizketek bereziki I kapituluarekin zerikusia zuten: ratio eta irakastorduen igoera, ordezkapenetarako irizpideak zorroztea… eta horietarako ez da igoera aurreikusten 2018ko aurrekontuetan. Aniztasunaren trataerarako baliabideak pixka bat handitzea besterik ez da aurreikusten.

2010etik hona irakasleek eutsi diote sistemari, bolondres lana ugari eskaini dute eta beraien aldarrikapenen aurrean beraien lana goraipatu izan da baina zama geroz eta gehiago handituz joan da.

PISAn emaitza onak ateratzea lasaigarria izan da Nafarroako Gobernuentzat eta balio izan du azpifinantziazioa justifikatzeko. Baina gogoratu behar dugu PISA, ELGAk lan merkatuari begira
antolatutako ebaluazio sistema bat dela, ez hiritar kritikoak heziko dituen hezkuntza sistema bat ebaluatzeko modua. Egoera hau ezin da gehiago luzatu.

Aurrekontu proiektuaren eztabaidari hasiera eman behar diozue egun hauetan. Eta oraindik garaiz gaude irakaskuntza publikoan inbertsioa haunditzeko modu esanguratsuan. Urtarriletik aurrera ordezkapenetarako irizpideak arinduz gutxienez, irakastorduak eta ratioak progresiboki jeitsiz, adinagatik murrizketak ezarriz, aniztasunaren trataerarako neurriak areagotuz, lanpostuak egonkortuz...

* Iturria: datosmacro.com
** Benetako gastua bajuagoa izan zen
*** Iturria Instituto Nacional de Estadística

Agerraldiaren bideoa hemen