Lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek gora egin dute Nafarroan, egunero 30 langilek lan istrupua dutelarik

2022/04/12
ELA, LAB, CGT, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuen 2021eko Nafarroako lan-ezbeharren txostena aurkeztu dute, eta apirilaren 28rako manifestaziora deitu dute.

ELA-LAB-CGT-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU sindikatuek 20 LANEKO HERIOTZ zenbatu dituzte 2021ean Nafarroan, aurreko urteetako joerarekin jarraitzen duen datu oso negatiboa. Pandemiak eragindako mugak eta murrizketak gorabehera, oso ondorio kaltegarriak izan baitituzte bai gizartean bai lanean, laneko ezbehar-tasak nabarmen egin du gora azken urtean. Lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek gora egin dute indize guztietan. 2020an erregistratutako datuekin alderatuta, istripu bat izateko arriskuaren igoera %16,7koa izan da.

Nafarroan, egunero, 30 langilek izaten dute lan-istripu bat. Laneko gaixotasunei dagokienez, estatistika ofizialetan azpierregistroa egiaztatzen jarraitzen da. Hego Euskal Herrian, gutxienez 17 pertsona hil dira iaz amiantoarekin lotutako patologien ondorioz, baina horietako asko ez dira laneko gaixotasun gisa aitortzen; eta beraz, estatistika ofizialak ez dute errealitatea islatzen.

2021ean, estatistika ofizialek 13 lan-istripu hilgarri jasotzen dituzte Nafarroan, aurreko urtean baino 2 hildako gehiago. ELA-LAB-CGT-ESK-STEILAS-EHNE-HIRUk, ordea, informazioa eskuratzeko ezintasunari aurre eginez, 20 lan-istripu hilgarri zenbatu dituzte Nafarroan.

Zifren dantza alde batera utzita, datu horien atzean ezkutatzen dena pertsonen eta familien sufrimendua da, lan-istripu bat edo lanetik eratorritako gaixotasun bat hurbiletik bizitzea zer den zuzenean ezagutzen baitute. Laneko ezbehar-tasari buruzko datuak onartezinak dira, kontuan hartuta lan-istripu eta lanbide-gaixotasun oro saihets daitekeela neurri egokiak hartuta. Hemen huts egiten jarraitzen da.

Ez da funts nahikorik bideratzen lantokietan segurtasun-baldintza egokiak bermatzeko behar den inbertsioari aurre egiteko. Enpresek ez dute langileei oinarrizko neurriak emateko prebentzioan gastatu nahi, inbertitutako dirutik etekinik lortzen ez dutelako. Nafarroako Gobernuak ez ditu laneko arriskuen prebentziorako politikak aldatzen, eraginkorrak ez izan arren, eta administrazio publikoa ere ez da langile gehiagoz hornitzen, enpresetan prebentzio-maila egokiak bermatzeko. Horregatik, CEN, UGT eta CCOOen Prebentzioko lurralde-ordezkariari zuzendutako partida berresleitzea eskatzen dugu, ISPLNko eta Lan Ikuskaritzako plantilak 50 pertsonekin indartzeko, horien ratioa Europar Batasunarekin parekatu eta arrisku handiak edo ezbehar-tasa handiak dituzten enpresak kontrolatzeko.

Hori guztia aldatzen ez den bitartean, enpresen lan-prekarietatea desagerrarazten ez den bitartean, dozena bat pertsona baino gehiago hilko dira urtero Nafarroako lanpostuetan. Aurrean izango gaituzte salatzeko eta langile klasearen osasuna eta bizitza bermatuko duten egiturazko aldaketak eskatzeko.

 

Txosten osoa irakurri