Igantziko harrobian (Nafarroa) langile bat hil da, 5 egunetan hirugarrena

2021/09/08
Igantziko harrobian (Nafarroa) langile bat hil ondoren, 5 egunetan hirugarrena, sindikatuak enpresetako segurtasun baldintzak kontrolatzeko bitarteko publikoak gehitzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Gaur eguerdian gertatu da ezbeharra Igantziko harrobian (Nafarroa), materiala deskargatzean kamioi bat irauli ostean. Lehenik eta behin, ELAk babesa eta elkartasuna die biktimaren lankideei, senideei eta hurbilekoei, eta ikerketa sakona egitea eskatzen du, laneko arriskuen prebentzioaren arloan gerta daitezkeen ez-betetzeak eta erantzukizunak argitzeko. Heriotza honekin, dagoeneko 47 dira 2021ean Euskal Herrian izandako lan heriotzak.

Bost egunetan hiru hildako izan diren aste honen ondoren, aurten gutxienez 14 pertsona hil dira lan istripuz Nafarroan. Laneko istripu-tasa %30 igo da 2012tik, eta laneko heriotzen % 40ren arrazoi zuzena enpresek segurtasun-neurriak ez ezarri izana da.      

“Horren aurrean, patronalak isilik jarraitzen du, eta Nafarroako Gobernuak, ISPLN eta Lan Ikuskaritza baliabide faltagatik kolapsotik hurbil dauden bitartean, diru publikoa CEN, UGT eta CCOOren Prebentzioko Lurralde Ordezkaria finantzatzera esleitzen du, figura hori ez-eraginkorra eta klientelarra dela frogatu den arren”, dio sindikatuak.   

Egoera horren aurrean, ELAk lan-osasuneko elkarrizketa sozialeko politika ez-eraginkorrak bertan behera uzteko eta erakunde publikoen kontrol baliabideak handitzeko eskatu du. Aldi berean, langileei antolatzeko eta mobilizatzeko deia egin die, lan-baldintzak hobetzeko eta enpresetako eta lantokietako lan-istripuak desagerrarazteko aukera bakarra gisa.