Lanuzteak Iruñeko Carrefourrean lan ordutegian egindako aldaketen kontra

2017/12/22
Iruñeko Carrefour enpresako batzordearen gehiengoak (ELA, CCOO eta UGT) lanuzteak deitu ditu abenduaren 23rako, enpresak abenduaren 23an 23:00ak arte lan egitera behartuko dituelako langileak.

Carrefour enpresak, abenduaren 23an 23:00ak arte lan egitera behartuko ditu langileak. Hori horrela, egun horretan bertan, Carrefour enpresako batzordearen gehiengoak, (ELA, CCOO eta UGT sindikatuak), goiz eta arratsaldeko txandetan ordu bateko lanuzteak deitu ditu.

Lanuzteak goizeko 11:00etatik 12:00ak arte eta arratsaldez 18:00etatik 19:00ak arte izanen dira. Ordu horietan zehar langileak Carrefourreko ate nagusian bilduko dira.

Enpresako batzordetik salatu dute lan ordutegia aldatzea ez dela bidezkoa eta langileengan ondorio zuzenak dituela. Gainera, eguneroko lan ordutegiarekin nahikoa dela baieztatu dute, denda astelehenetik larunbatera 09:00etatik 22:00etara zabalik baitago.

ELAk elkartasun osoa adierazi nahi die langileei, eta, bide batez, enpresako batzordeak zehaztutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaitu. Hori horrela, mobilizazioak irauten duen bitartean eta 22:00etatik aurrera, dendan erosketarik ez egitera animatzen zaitu.