Lanera itzultzen diren pertsonen osasuna eta segurtasuna bermatzeko baliabideak handitzeko eskatu dio ELAk Nafarroako Gobernuari

2020/04/14
Gaur bilera egin dute Nafarroako Gobernuak eta ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek. Bileraren garapenean, ELAk kritikatu egin du Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren sektoreetan jarduerari berrekiteko hartutako erabakia. "Ulertezina da milaka langile lan-jarduerara itzultzea, segurtasun-materiala beharko baitute ez badago norbera babesteko ekipamendurik edo maskararik osasun-arloko langile guztientzat, soziosanitarioentzat, pazienteentzat eta funtsezko jarduerak egiten dituzten gainerako langileentzat".

Osasun-datuek erakusten dutenez, gaur egun pandemia kontrolatzetik urrun gaude oraindik, eta, beraz, guztiz inkoherentea da konfinamendu soziala defendatzea eta funtsezkoak ez diren sektoreetan lan-jarduera itzultzea. Testuinguru horretan, ELAk ohartarazi du datozen hilabeteetan, COVID-19ren hedapena kontrolatutzat jo daitekeen unetik hasita ere, prebentzio-neurri eraginkorrak hartu beharko direla lantokietan, birusa berriro ez zabaltzeko eta langileen osasuna bermatzeko.

Joan den astean, ELAk proposamen bat egin zuen, plantillen segurtasuna eta osasuna lan-jarduerara itzultzeko. Horretarako, sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du lantokiak kontrolatzeko baliabideak handitzea eta agintaritza publikoa zuzenean inplikatzea. Zehazki, ELAren ustez, lehentasuna izan behar du ISPLNn eta Lan Ikuskaritzan 50 pertsona berehala sartzeak. Kopuru horrek aukera emango liguke Europar Batasuneko ikuskatzaileen batez bestekora iristeko eta jarduerari ekin aurretik neurri eraginkorrak ezarri direla ziurtatzeko.

Hala ere, Nafarroako Gobernuak gida bat onartzea erabaki du, industrian eta eraikuntzan jarduerari berrekiteko gomendioak jasotzen dituena. ELAren iritziz, gida honek gabezia hauek ditu:

  • Ez du betetzen dela bermatzen duen neurririk jasotzen, gomendio batzuk egitera mugatzen da.

  • Prebentzio-neurririk ezaren ondorioz langileak kutsatzeko arriskuan jartzen dituzten enpresek jarduera uzteko konpromiso argirik ez du jasotzen.

  • Ez du aurreikusten ikerketa-lanak egiteko eta oinarrizko prebentzio-neurriak bermatzeko behar adinako ikuskaritza-langilerik kontratatzea. Gaur egun ISPLNk eta Lan Ikuskaritzak dituzten baliabideekin ezin da ikerketa-lanik egin lantokietan.

Testuinguru horretan, ELAk berretsi egiten du plantillen segurtasuna eta osasuna bermatzen ez diren lantoki guztien jarduera geldiarazten saiatzeko erabakia.

Osasun-krisi larri honetan, ezinbestekoa da baliabideak berbideratzea, eta, horregatik, Nafarroako langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko behar diren baliabideak jartzeko eskatu dio ELAk Nafarroako Gobernuari.