langabezia

Langabe kopurua %20 igo da Nafarroan

2023/04/27
2023ko lehen hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestak adierazten du okupazioa 8.300 pertsonatan jaitsi dela eta langabe kopurua 6.400 pertsonatan igo dela.

Nafarroan 8.300 landun gutxiago daude aurreko hiruhilekoaren aldean, eta urte arteko alderaketak egiaztatzen du duela urtebete baino okerrago gaudela, 4.000 landun gutxiago baitaude. Enplegua gehiago suntsitu da gizonen artean (4.900 gizon eta 3.300 emakume gehiago daude enplegurik gabe). Sektoreei dagokienez, industrian okupazioak nabarmen egin du behera aurreko hiruhilekoaren aldean; zehazki, 8.500 landun gutxiago daude sektorean, termino erlatiboetan %10,6eko jaitsiera izan da.

Kontratuen behin behinekotasunari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu azken hiruhilekoan 5.400 murriztu direla mota horretako kontratuak, baina iraupen mugagabekoak ere 4.200 gutxiago izan dira. Beraz, aldi baterakotasun tasa zazpi hamarren murriztu da, % 17,5ean kokatuz. Alde horretatik, emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dute, behin behinekotasun tasa % 20,8ra igotzen baita.

Emakumeei gehien eragiten dien beste gai bat borondatearen aurkako lanaldi partziala da. Lau emakumetik ia batek ( % 23) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, tasa %5,1ekoa da. Hori da emakumeek lan eremuan jasaten duten diskriminazioaren beste erakusgarri bat.

Langabeziari dagokionez, 2023an 39.300 langabetu izan dira, aurreko hiruhilekoan baino %19,5 gehiago, hau da, 6.500 pertsona gehiago. Igoera gizonezkoetan (+3.400) eta emakumezkoetan (+3.100) gertatu da. Langabezia tasari dagokionez, bi puntu igo da hiruhileko bakar batean, %12,1ean kokatuz, 2016tik ikusten ez zen zifra. Emakumeek gizonezkoek baino tasa handiagoa izaten jarraitzen dute, % 12,6 eta % 11,7, hurrenez hurren. Alde horretatik, gazteek pairatzen duten langabezia ere aipatu behar da, lautik bat ( % 25,3) egoera horretan baitago.

Oso datu negatiboak direla ondoriozta dezakegu. Langabeziak gora egin du eta okupazioak nabarmen egin du behera lehen hiruhilekoan; gainera, gogora dezagun iazko azken hiruhilekoan ere ez zuela emaitza onik izan. Hiruhilekoen arteko alderaketak adierazitakoa adierazteaz gain, urte arteko alderaketan bilakaera negatiboa ere ikusten da. Bestalde, aipatu behar da bizitzaren garestitzeak eta soldatak KPIaren arabera ez eguneratzeak erakusten dutela langile klasea dela krisi berri honekin galtzen ari dena, eta etorkizunean baldintza materialak hobetzeko borroka antolatzea eta mobilizatzea beste aukerarik ez dagoela.