Langabetuen erdiak baino gehiagok ez du inolako langabezia saririk jasotzen
Nafarroan erregistratutako langabe kopuruak gora egin du urrian, 1.421 pertsona gehiago erregistratu baitziren aurreko hilabetearekin alderatuta; hau da, langabeziak %4,7 egin du gora. Horrek esan nahi du 31.858 pertsona daudela langabe gisa izena emanda, horietatik 18.728 emakumeak. Gazteen langabezia da kaltetuena, 180 gazte gehiago baitaude langabezian, %6,4 gehiago. Gainera, langabeziak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du, Nafarroako langabezia tasa %10,1ekoa da.
Langabezian daudenen %50,7ak ez du inolako langabezia prestaziorik jaso aurreko hilabetean, (15.425). Eta kotizaziopeko langabezia saria soilik %29ak jaso du (8.841 langabetuk). Kotizaziopeko langabezia sariaren zenbatekoa, bataz beste, 906,9 eurokoa izan da.
Urrian egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berberak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak. Urrian sinatutako kontratuen %93,3 aldi baterakoak izan dira. Gainera, kontratazio mugagabea %16,8 jaitsi da iraileko datuekin alderatuta. Langabeziak eta lan prekarietateak zerikusi zuzena dute.