Langabezia %13,8 igo da azken hiruhilekoan Nafarroan

2023/01/26
2022ko azken hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestak adierazten du langabeen kopurua 4.000 igo dela eta batez ere emakumeei eta gazteei eragiten diela.

Aurreko hiruhilekoan baino 500 landun gehiago daude. Datuek erakusten dute ia landunen kopurua geldituta dagoela 2022ko bigarren hiruhilekotik. Urte arteko zenbaketan, enpleguak apur bat behera egin du emakumeen artean (-1.200); gizonen artean, berriz, 6.300 landun gehiago daude.

Kontratuen behin behinekotasunari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu azken hiruhilekoan kontratu mota hori duten pertsonak 6.300 gutxiago izan direla, eta iraupen mugagabekoak, berriz, 7.700 gehiago. Beraz, aldi baterakotasun-tasa % 18,5era murriztu da. Alde horretatik, emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dutela adierazi behar da, behin behinekotasun tasa % 23,6koa baita. Behin behinekotasuna murrizten ari den arren, sektore publikoko tasak oso altua izaten jarraitzen du eta % 35,5era iristen da. Gainera, azpimarratu behar da EBko tasaren gainetik jarraitzen dugula.

Emakumeei gehien eragiten dien beste gai bat nahi gabeko lanaldi partziala da. Ia lau emakumetik batek ( % 22,8) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, tasa % 5,8koa da. Hori da emakumeek lan eremuan jasaten duten diskriminazioaren beste erakusgarri bat.

Langabeziari dagokionez, 2022. urtea 32.900 langabeturekin amaitu da, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 4.000 langabetu gehiago izan dira, hau da, kopuru erlatiboetan % 13,8ko igoera izan da. Emakumeen artean langabeziak nabarmen egin du gora azken urtean, 3.600 pertsonako igoerarekin, eta emakumeen langabezia tasa % 10,6an kokatu da, duela urtebete % 8,4an zegoenean. Zifra horiek ez datoz bat gizonen datuekin; izan ere, gizonen tasa 1,6 puntu murriztu da, % 11,3tik % 9,7ra. Langabezia tasa orokorra %10,1era igo da, EBkoa ( % 6) baino askoz handiagoa. Beste alde batetik, azpimarratu behar da gazteen langabezia tasak oso altua izaten jarraitzen duela ( % 27,8).

Datu negatiboak dira, langabezia igo egin baita eta okupazioa ez. Hiruhilekoen arteko alderaketak datu txarrak erakusten ditu, eta urtetik urterako alderaketan ere bilakaera negatiboa ikusten da. Hori guztia gertatzen da, nahiz eta ekonomia % 4tik gora hazi den 2022an. 2023. urteari dagokionez, badakigu hazkunde aurreikuspenak okerragoak direla, eta, beraz, ezkorrak gara urte honetan enpleguan gerta daitekeenarekin. Gainera, gogora dezagun bizitzaren kostua garestitzeak eta soldatak KPIarekin ez eguneratzeak langile klasea pobretzea ekarri dutela. Horregatik, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa, baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko.