Langabeziak behera egin du, baina prekarietateak gora

2022/07/04
SEPEren datuen arabera, ekainean 713 pertsona gutxiago daude langabezian, lanaldi partzialeko kontratazioak gora egiten ari dira eta erosteko ahalmena galtzen ari da

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak gaur argitaratu ditu ekaineko enpleguari buruzko datuak. Nafarroan 31.349 langabe daude, hau da, maiatzean baino 713 gutxiago. Nolanahi ere, langabezia tasak %10,9koa izaten jarraitzen du, Europar Batasuneko batez bestekoa baino askoz altuagoa (%6,1ekoa da). Nabarmentzekoa da, gainera, emakumeen langabezia tasa % 13,6koa dela eta gazteen langabezia tasa (25etik beherakoak) %15,9koa.

Kontratazioari dagokionez, aurten egindako 10 kontratutik 8 aldi baterakoak izan dira, eta mugagabeen artean gehitu egin dira lanaldi partzialean egindakoak eta aldizkako kontratu mugagabeak (urtean denboraldi batean bakarrik lan egitea dakar). Horren erakusle da Estatuan iazko ekainean lanaldi osoko kontratu mugagabeak 10etik 6 izan zirela eta aurten 10etik 4. Horri gehitu behar zaio erosteko ahalmena galtzen ari dela: inflazioa ekainean % 10,2koa izan den bitartean, soldatak %3,8 igo ziren Nafarroan maiatzean. Beraz, kontratazio berrien prekarietatea handitzen ari da.

Errealitate horri enplegurik gabeko pertsonek pairatzen duten prekarietatea gehitu behar zaio: langabezian izena emanda daudenen % 50,9k ez du langabezia prestaziorik kobratzen.