Langabeziak eragin askoz handiagoa du emakumeen eta atzerriko nazionalitatea dutenen artean

2021/12/02
Atzerriko nazionalitatea duen 4 langabetik 3k ez du inolako langabezia-prestaziorik kobratu Nafarroan. Langabezian inskribatutaen % 59,3 emakumeak dira, enplegua duten biztanleen artean % 48,6 diren bitartean

Langabeziak behera egin du azken hilabetean (426 pertsona gutxiago), 31.702 pertsona izanik SEPEn izena emanda. Urte arteko datuei erreparatuz gero, 7.825 pertsona gutxiago daude izena emanda langabezian. Langabeziak eragin handiagoa du emakumeengan. Langabeen % 59,3 emakumeak dira, eta biztanleria landunaren erdia baino gutxiago ( % 48,6) diren bitartean.

Langabeziagatiko babesari dagokionez, langabezian dauden pertsonen erdiek baino gehiagok ez dute inolako prestaziorik edo subsidiorik kobratu ( % 51,4k), eta langabezian dauden 4 pertsonatik 1ek bakarrik kobratu du kotizaziopeko prestazioa. Egoera hori are okerragoa da atzerriko nazionalitatea dutenen artean; izan ere, 4tik 3k ez du langabezia prestaziorik edo subsidiorik kobratu, eta soilik %15,9k jaso du langabeziagatiko kotizaziopeko prestazioa.

Kontratuei dagokienez, 2021ean sinatutako kontratuen % 93,2 aldi baterakoak izan dira, eta horrek erakusten du kontratu berriak prekarietatean oinarritzen direla.

Enplegua gero eta prekarioagoa da, eta langabezian daudenen babesgabetasun egoera guztiz kezkagarria da. Hori guztia enplegu-politiken eta lan-erreformen ondorio da. ELAk berretsi egiten die Madrilen ordezkaritza duten alderdiei murrizketa gehiago ekarriko dituen edozein erreformaren aurka bozkatzeko eta lan-erreformak indargabetzearen alde egiteko.