Langabeziak gora egin du Nafarroan, batez ere emakumeen artean
Langabezia handitu da Nafarroan, eta emakumeen kontura izan da. Enplegu Zerbitzu Publikoaren urtarrileko datuak erakusten du 33.872 lagun egon direla langabezian izena emanda, aurreko hilean baino 674 gehiago eta duela urtebete baino 293 gehiago. Langabezian inskribatutako pertsona guztietatik %58,5 emakumeak dira, emakumeak biztanleria aktiboaren % 46,9 diren bitartean.
Langabezia-tasa %10,7koa da, EB-28ko batez besteko langabezia-tasa baino askoz handiagoa (%6,2), eta Espainiako Estatuak eta Greziak soilik gainditzen dute. Emakumeen artean langabezia tasa %13,4koa da.
Iraupen luzeko langabezia aipatu beharra dago ere, langabezian dauden 3 pertsonatik 1ek urtebete baino gehiago daramalako langabezian (11.337 pertsona daude egoera horretan). Horri gehitu behar zaio langabezian dauden 5 pertsonatik 2k bakarrik kobratzen duela kotizaziopeko langabezia saria.
Patronalak bultzatutako lan prekarietatearen eta enplegu politiken ondorioa da errealitate hau. Ebidentzia da prekarietate handiena dagoen esparru eta sektoreetan langabezia maila handiagoa dela. Hala, urtarrilean sinatu diren kontratuen %92,6 aldi baterakoak izan dira. Langabeziaren aurkako erremediorik onena prekarietateari aurre egitea da.