Langabeziak pandemia aurreko mailak gainditu ditu Nafarroan

Nafarroan enplegua suntsitu da berriro, eta langabeziaren igoera 705 pertsonatan kokatu da martxoan, hau da, % 2,09ko igoera. Horrela, langabezia-tasa % 11,9ra igo da, beste behin ere, Europako eta inguruko herrialdeetako batez bestekoaren oso gainetik. Guztira, 34.398 pertsona daude langabezian izena emanda, eta horrek pandemia aurreko langabezia-mailak gainditzen ditu (2020ko otsailean 33.975 pertsona zeuden langabezian izena emanda).
Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin-behinekotasun-tasa pixka bat hobetu da aurreko hilabeteetako kopuruen aldean; hala ere, behin-behinekotasunaren ehuneko oso handia dute oraindik. Ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen % 83 aldi baterakoak izan dira. Kontratazio mugagabearen barruan, estatuan (ez baitago autonomia-erkidegoen arabera banakatuta), nabarmen igo da aldizkako kontratu finkoen erabilera; zehazki, kontratu mota hori % 572 igo da iazko hil beraren aldean. Gogora dezagun aldizkako finkoen hobekuntzak hutsalak direla eta estatistikak makillatzera datozela.
Adierazi beharreko beste kontu bat da Espainiako lan-ministerioak emandako zifrek egiaztatzen dutela langabezian inskribatutako pertsonen erdiek baino gehiagok ( % 50,9) ez duela langabeziagatik inolako prestaziorik jaso otsailean.
Udaberriko ziurgabetasun eta krisi-egoeraren aurrean, ezinbestekoa da antolatzea eta mobilizatzea, lan-prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan-baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko.
Horregatik, ELAk neurri irmoak eskatu ditu gaitz horrekin amaitzeko: prekarietatearen aurkako neurriak ezartzea, soldata-arrakalaren aurkako neurriak hartzea, finkatzea eta KPIarekin bat datozen igoerak egitea.