Langabezian dauden 3 pertsonatik 1ek bakarrik kobratzen du langabezia prestazioa Nafarroan

2022/12/02
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek erakusten dutenez, langabezia igo egin da hirugarren hilabetez jarraian, eta azaroan sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira.

Nafarroako enpleguaren ziurgabetasun egoerak jarraitzen du. Hirugarren hilabetez jarraian igo da langabezia, oraingoan 218 pertsonatan. Hala, langabezia tasa % 9,8koa da, EBkoa baino ia lau puntu handiagoa, urrian % 6koa izan baita.

Emakumeen artean, 63 langabe gehiago daude, eta langabezian dauden emakumeen proportzioa % 60an mantentzen da. Gazteen langabezia datuei dagokienez, ikusten dugu langabeziaren jaitsiera seko gelditu dela, uztailetik ez baita datu positiborik ikusi.

Kontratazioaren datuek adierazten dutenez, sinatutako kontratuen % 75 aldi baterakoak izan dira, hau da, azaroan sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira.

Halaber, adierazi behar da Espainiako Lan Ministerioak emandako zifrek egiaztatzen dutela langabezian inskribatutako pertsonen erdiek ( % 49) ez zutela inolako langabezia prestaziorik jaso urrian. Gainera, soilik % 30ek jaso zuten kotizaziopeko prestazio bat.

Datu horiek erakusten dute, oraingoz, bizi dugun krisiak ez diola lan merkatuari eragiten, baina egia da azken hilabeteetan datuek okerrera egin dutela Nafarroan. Hala ere, enpresek irabaziak handitzen dituzten bitartean, langile klasearen egoera materiala gero eta okerragoa da. Pobretze prozesu bat gertatzen ari da, non milaka pertsona egoera ezegonkorrean dauden, asko soldata baxuekin eta laneko segurtasun faltarekin. Egoera horren aurrean, beharrezkoa da langile klasearen baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko antolatzea eta mobilizatzea.