Langabezian zeuden %53k ez zuen prestaziorik jaso

2021/11/03
Urriko datuek adierazten dute Nafarroan 560 langabe gutxiago daudela. Datu horrek erakusten du moteldu egin dela aurreko hilabeteetan gertatzen ari zen beherakada. 2019ko urriaren aldean, datuak ez dira hain positiboak, Izan ere, oraindik ez da hilabete horretako langabezia-maila lortu, eta, horri gehitu behar zaio 1.353 pertsona daudela aldi baterako lan-erregulazioan, Gizarteratze Ministerioak emandako datuen arabera. Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako desenplegu datuek erakusten dute behera egin duela langabe kopuruak, enplegu prekarioa sortzearen kontura.

Bestalde, gazteen langabeziaren jaitsiera gelditu egin da eta 67 gazte gutxiago daude bakarrik oraingoan. Gainera, 25 urtetik beherakoen artean langabeziak pandemiaren hasieran baino handiagoa izaten jarraitzen du. Beraz, azken hilabeteetako beherakadak ez du konpontzen inola ere biztanleria gazteak bizi duen egiturazko arazoa.
Urrian egindako kontratuek aurreko hilabeteen ezaugarri berberak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak dira, eta egindako kontratuak nabarmen murriztu dira 2019ko urriarekin alderatuta. Beste behin, kontratazio mugagabea ez da iristen sinatutako kontratuen %10. Horrela, aldi baterako kontratazioa % 93ra iritsi da urrian.
Prestazioei buruzko datuak negatiboak dira; izan ere, langabezian inskribatutako pertsonen %53k ez zuten inolako langabezia prestaziorik jaso irailean. Eta lau pertsonatik batek bakarrik jaso zuen langabezia saria.
Lan erreformen indargabetzearen inguruko zehaztasun ezak, eta Espainiako Gobernuak negoziazioa elkarrrizketa sozialeko mahaira eraman nahi izanak, zera iragartzen du: akordioak ez dituela lan erreforma horien ondorioak konponduko. Egoera horren aurrean, ELAk PPren eta PSOEren 2010eko lan erreformak erabat indargabetzea exijitzen du, langile klasearen lan baldintzak duintzeko funtsezko urrats gisa.