LAN ISTRIPU HILGARRIA

Langile bat hil da Andosillan (Nafarroa) altueratik erorita

2023/04/03
ELAk bildutako lehen datuen arabera, Jaime Resano eraikuntza enpresako langile bat hil da gaur altueratik erorita, Andosillako (Nafarroa) Calzados Irabia enpresaren industria-nabearen teilatuan lanean ari zela.

Datu gehiagoren zain, jada gutxienez 13 pertsona hil dira lan istripuz Hego Euskal Herrian 2023an, horietako bi Nafarroan.

Enpresen zigorgabetasunak eta erakundeen konplizitateak ondorio latzak ditu langileriarentzat. Laneko ezbeharrak onura ekonomikoak plantillen lan eta bizi baldintzen gainetik jartzearen ondorio zuzena dira.

Enpresen ez-betetzeak behar bezala kontrolatzeko garaia da, eta, horretarako, beharrezkoa da gaur egun kolapsatuta dauden NOPLOI eta Lan Ikuskaritzako plantillak bikoiztea, Europako batez bestekoarekin berdintzeko.

Lan heriotza salatzeko, ELAk elkarretaratzea egingo du datorren asteazkenean, apirilaren 5ean, 12:00etan, Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuaren aurrean (Tomás Caballero parkea, 1. Iruñea).