ANFAS NAFARROA

Langile gehienek bat egin dute grebarekin

2024/05/08
Deitzaileek, ELAk eta LABek, enpresaren immobilismoa salatu dute eta Nafarroako Gobernua ere egoeraren erantzule dela gogorarazi dute.

Anfaseko langile gehienek bat egin dute ELAk eta LABek gaurko deitutako grebarekin, eta horrek arreta zuzeneko zerbitzuei eragin die. Greban dauden pertsonek elkarretaratzea egin dute Anfasek Burlatan dituen bulegoen aurrean, eta manifestazioan abiatu dira Nafarroako Jauregiraino. Kontzentrazioaren amaieran, Lan Ikuskaritzaren aurrean salatu da Anfaseko zuzendaritzak grebarako oinarrizko eskubidea urratu duela grebalari bat legez kanpo ordezkatuz.

Bestalde, enpresak negoziatzeko duen jarrera immobilista kritikatu du batzordeak; izan ere, azken egunotan finantzaketa-datuak manipulatzen eta plantillaren benetako baldintzak faltsutzen aritu da, familiak eta erabiltzaileak langileen kontra jartzeko asmoz.

Datorren larunbatean, maiatzaren 11n, langileek elkarretaratzea egingo dute Iruñeko Udalean, arratsaldeko 18etan, egun horretan lanaldi partzialeko zerbitzua ematen duten lankideekin batera.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Nafarroako elkarteak, Anfasek, 141 profesional ditu (ELAk eta LABek ordezkatuak), eta, 700 boluntario baino gehiagoren laguntzarekin, 1.700 pertsona baino gehiago artatzen ditu Nafarroa osoan arreta goiztiarreko, zahartzaroko, aisialdiko, terapiako, logopediako eta abarreko arloetan, eta Zangoza, Sarasate, Sarriguren eta Tafallako etxebizitzak kudeatzen ditu.

Anfaseko lan-baldintzak prekarioak dira, partzialtasun handiarekin, asteburuetako lanarekin, lan-karga handiekin eta erantzukizun handiarekin. LGSren inguruko soldatak ditugu lanbide-kategoria jakin batzuetarako, hala nola aisialdiko begiraleentzat edo zaintzaileentzat. Arreta-espezifikotasun oso zorrotzak dituzten lanak dira, eta erabiltzaile motaren arabera espezializatutako profesionalak. Hain prekarioak diren lan-baldintza horiek profesional askoren irteera eragiten dute, soldatak ez duelako euren lana konpentsatzen. Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna zuzena da, enpresak bere diru-sarreren bi heren jasotzen baititu diru-kutxa publikoetatik.