Langileek mugagabeko grebari eusten diote, Cirmautoren justifikaziorik gabeko itxieraren aurka eta 28 enpleguen defentsan

2021/11/10
ELAk EEEren deuseztasuna eskatuko du, lanera itzultzea ahalbidetuko lukeena, eta enpresak inposaturiko legez kanpoko ugazaben itxiera salatu du Lan Ikuskaritzan


Citroeneko Cirmauto (Cordovilla) kontzesionarioko langileek duela astebete hasitako greba mugagabearekin jarraitzen dute, enpresak iragarri duen itxieraren mehatxupean dauden 28 lanpostuen defentsan. Enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia atzo amaitu zen, akordiorik gabe, eta enpresak ez ditu egiaztatu behin betiko itxiera horretarako alegatzen dituen arrazoi ekonomikoak. Cirmautoko zuzendaritzak ez du aurkeztu nahitaezko dokumentazio guztia, ez du inolako prestasunik azaldu kausak justifikatzeko, ezta enpleguari eustea ahalbidetuko duten neurri ez hain traumatikoak hartzeko ere.

Enpresako zuzendaritzak azken erabakia helarazi ez badu ere, kaleratzeak azaroaren amaieran egiteko asmoa iragarri du. Bitartean, langileak greba mugagabean daude azaroaren 4tik. Nolanahi ere, ELAk bide judizialari ekingo dio enplegu-erregulazioko espedientea baliogabetzat jotzeko, kontuan hartuta alegatutako arrazoi ekonomikoak ez direla egiaztatu eta enpresak ez duela negoziatzeko borondaterik izan.

Bestalde, eta greba-eskubidea urratzeko asmo bakarrarekin, enpresak azaroaren 6an ugazaben itxiera planteatu zuen, ELAk dagoeneko Lan Ikuskaritzaren esku utzi duena. Sindikatuaren ustez, patronalaren itxiera legez kanpokoa da, oinarrizko eskubideak urratzen ditu eta hasitako greba zapuztea du helburu bakarra.

ELAk Cirmautoko batzordeko hiru ordezkariak ditu, eta berriz ere Nafarroako Gobernuari eskatu dio erabat bideragarria den enpresa batean enplegua suntsitzea eragozteko. Enpresa ixtea espekulazio-interesen ondorio baino ez da. Izan ere, soldata-kostuak urteko kontuen % 16 baino ez dira, haien diru-sarrerak % 6 handitu dira 2016-2019 aldian, eta inoiz ez da egon hartzekodunen konkurtsoan deklaratzeko arriskuan.