Lanuzteak Condesa Taldeko Perfil en Frio enpresan

2017/10/17
Perfil en Frioko batzordeak mobilizazio-egutegi bat iragartzen du hurrengo bi hilabeteetarako. Lehendabiziko lanuztea izanen da bihar, urriak 18, Berriobeitiako lantegian. Perfil en Frio enpresa Condesa taldekoa da, eta jabetzaren %67 bankarena da eta %33 Arcelorrena.

Enpresa batzordearen agiria:

Mobilizazioen arrazoia zuzendaritzaren geldotasuna da hitzarmenaren negoziazioan; izan ere, 2014az geroztik dugu berritu gabe, eta enpresak 2016an 3 milioi eurotik gorako etekinak lortu ditu, 2017rako ere aurreikuspen onak dituela. Negoziazioan zazpi hilabete daramagu, eta plantilla denbora horretan hitzarmenik gabe geratu da. Enpresaren azken eskaintza soldatak izoztea izan da 2014-2015-2016 urteetarako, eta %0,5eko igoera 2017-2018 urteetarako.

Joan diren urteetan, eskariak beherantz joan direnean eta ekoizpena murriztu denean, Perfil en Frioko plantillak estutasun larriak pairatu behar izan ditu (hartzekodunen aurre-konkurtsoa, nominak gibelatzea eta aldi baterako erregulazioak -EEE-). Baina orain, emaitza oneko egoera berrian, lan-karga eta ekoizpena handitu direnean, sinesgaitza da enpresaren estutasuna. Gure egoera jasanezina da: galtzen dutenean langileoi ahalegintzeko eskatzen digute, eta irabazten dutenean ez dute gurekin deus partekatu nahi, eroste-ahalmenik ez galtzea ere ez digute bermatu nahi.

Batzordeak behin baino gehiagotan salatu du zuzendaritzaren negoziazio-borondaterik eza, baina ez dute jarrera aldatu. Hori dela-eta, langileok ez dugu besterik mobilizazioa baino. Ildo horretatik, Biltzar Orokorrean, pertsonalaren %80aren onespenaz, greba-deia egitea erabaki dugu urriaren 18, 25 eta 26rako, eta azaroaren 7, 8 eta 9rako.