LANGABEZIA DATUAK

Lau gaztetik bat langabezian dago Nafarroan

2024/04/26
Lehen hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestak erakusten du datuak zertxobait hobetu direla Nafarroan; hala ere, oraindik bide luzea dago enpleguaren egoera ona dela egiaztatzeko. Oro har, datu positiboen aurrean gaudela ondoriozta dezakegu; hala ere, milaka langilek baldintza prekarioak izaten jarraitzen dute. Bestalde, gazteen langabezia-tasak oso altua izaten jarraitzen du, Europako altuenetakoa, baita langabezia-tasa orokorra ere, EBko batez bestekoa baino ia hiru puntu handiagoa da.

Pertsona landunen kopurua zertxobait bat igo da Nafarroan aurreko hiruhilekoaren aldean (+1.100), eta urte arteko alderaketak erakusten du duela urtebete baino hobeto gaudela, 15.400 landun gehiago baitaude. Inkestaren arabera, 303.900 landun daude, azken urteetako kopururik handiena. Enpleguaren igoera industria-sektoreak bultzatu du (+3.100), eta neurri txikiagoan eraikuntzak (+2.400); aitzitik, zerbitzuen sektoreak enplegua suntsitu du (-4.100).

Kontratuen behin-behinekotasunari erreparatzen badiogu, ikusten da azken hiruhilekoan kontratu mota hori duten pertsonak 5.600 gutxiago direla eta iraupen mugagabekoak 3.200 gehiago. Beraz, behin-behinekotasun tasa bi puntu jaitsi da %15,5era arte. Aipatzekoa da sektore publikoko tasak oso altua izaten jarraitzen duela, hirutik bat ( %34) egoera horretan dago.

Nahi gabeko lanaldi partzialak eragin handiagoa du emakumeengan. Bost emakumetik batek (%19,7) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, tasa %6,4koa da. Hori emakumeek lan-eremuan jasaten duten diskriminazioaren beste adibide bat da.

Langabeziari dagokionez, 29.400 langabe daude, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 1.500 pertsona gutxiago. Horrela, langabezia-tasa %9,2tik %8,8ra murriztu da ( %8,7 emakumeen artean eta %8,9 gizonen artean). Hala ere, gazteen egoera prekarioak ez du hobera egiten; izan ere, gazteen langabezia-tasak gora egin du berriro, eta %25era iritsi da.