LANGABEZIA DATUAK

Lau kontratutik hiru behin-behinekoak dira

2023/05/04
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratu dituen datuek adierazten dute apirilean langabezia jaitsi dela, baina enplegu prekario eta sasoikoaren kontura. Apirila enplegurako hilabete positiboa izan ohi da Aste Santuaren eraginez. Aurten langabezia Nafarroan jaitsi egin da: 1.106 lagun gutxiago. Jaitsiera batik bat gertatu da zerbitzuen sektorean (-730 langabe gutxiago) eta gazteen artean (-349).

Horrela langabezia-tasa %9,5eraino jaitsi da; horrenbestez, Estatuko txikienetakoa da. Haatik, Europako beste herrialdeekin alderatuz gero emaitzak txarrak dira. Europan langabezia-tasaren batez bestekoa oso apal dago (martxoan %6koa izan da), baina Nafarroan oraindik ere hori baino hiru puntu eta erdi gorago gaude.

Kontratazioko datuei dagokienez, berriz, espainiar ministerioak emandako datuen arabera sinatu ziren kontratuen %75 behin behinekoak izan ziren. Hau da, lan erreforma ezarriagatik ere, Nafarroan apirilean sinatu ziren lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan ziren.

Datuek erakusten dute langabezia jaitsi dela enplegu prekario eta sasoikoaren lepotik. Gainera, langabe gutxiago Europa guztian zehar dago, baina gure lurraldean beheranzko joera hori beste herrialdeetan baino askoz ere txikiagoa da. Bestalde, gogora dezagun ziurgabetasun egoeran gaudela; datozen hiletarako aurreikuspenak ez dira onak, eta horrek ziurrenik enpleguari ere eragingo dio. Beraz, baldintza materialak hobetzeko borroka aurrera eramateko antolakuntza eta mobilizazioa ezinbestekoak izango dira.