Leitzako TORRASPAPEL enpresako langileek erabaki dute bost eguneko greba egitea, igandetik aurrera, negoziazioek bizi duten blokeoa gainditzeko asmoz

2022/01/27
Batzarraren %93ko babesarekin langileek grebara jotzea erabaki dute negoziazio kolektiboan enpresak duen jarreraren aurka

Leitzako Torraspapeleko Enpresa Batzordeak prentsa ohar honen bitartez ezagutzera eman nahi du atzo, urtarrilak 26, langileek batzarrean bost egunez grebara joatera erabaki zutela, langileen batzarraren %93ko babesarekin. Enpresa Batzordea osatzen duten LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek bultzatu zuten batzarra.

Greba egunak urtarrilaren 30ean eta otsailaren 2, 5, 8 eta 12an izango dira. Grebak txanda guztiei eragingo die.

350 langile inguruk zuten bozketan parte hartzeko aukera eta hauexek izan ziren emaitzak:

Grebaren alde, 262 boto

Grebaren aurka, 18 boto

Zuriak, 6

Baliogabeak, 1

Grebaren arrazoia da egun enpresa hitzarmena berritzeko abian dauden negoziazioek bizi duten blokeo egoera gainditzea, eta mahai gainean jartzea LAB eta ELA sindikatuek langileen gehiengoaren babesarekin adostua duten aldarrikapen plataforma onartzeko enpresak duen borondate falta.