LIDL-en denda guztietan lanuzteak eta mobilizazioak deitu dira Nafarroa mailako hitzarmena negoziatzeko

2022/05/09
ELAk, batzarrean eginiko bozketan plantillaren gehiengoak babestuta, lanuzteak eta mobilizazioak deitu ditu LIDLen, lan-baldintzen okertzea ekarri zuen estatu mailako hitzarmena alde batera utzi eta enpresa Nafarroa mailako hitzarmen bat negoziatzera behartzeko

LIDLek 8 denda eta 160 langile inguru ditu Nafarroan. Enpresa Batzordea ELAko 4 ordezkarik, CCOOeko 2, FASGAko 2 eta UGTko batek osatzen dute. Lan-baldintzak arautzeko Nafarroa mailako enpresa ituna 2013an amaitu zen, eta ordutik UGTk eta CCOOek sinatutako estatu mailako hitzarmena ezarri zen. Estatu mailako hitzarmen honek soldata baxuagoak eta lan ordu gehiago egin behar izatea ekarri du, %20rainoko galera ekarri du lanaldian eta soldatetan.

Orain, estatu mailako hitzarmenaren denbora eremua amaitu ondoren, Nafarroan enpresa hitzarmen bat negoziatzeko aukera dago, hemendik kanpo sinatzen diren lan-baldintzak hobetzeko.

Horregatik, ELAk, batzarrean egindako bozketan bildutako plantillaren gehiengoaren babesarekin, lanuzte eta mobilizazio dinamika bat deitu du Nafarroako LIDLen lantoki guztietan, gaur, maiatzak 9, Mendillorriko dendaren aurrean elkarretaratzea eginez.

Enpresak Nafarroako eremuko hitzarmena negoziatzeari uko egiten badio, lanuzteek maiatzaren 14, 16, 19 eta 21ean jarraituko dute. Lanuzteak bi ordukoak izango dira goizez, 11:30etik 13:30era, eta beste bi ordukoak arratsaldez, 18:30etik 20:30era.