Loxin-eko langileek euren gatazka Toulousera eta Iruñeko erdigunera eraman dute

Loxin-eko langileek euren gatazka Toulousera eta Iruñeko erdigunera eraman dute azken egunotan. Atzo, maiatzak 16, Frantziako hirira bidaiatu ziren eta Airbus enpresaren (Loxin-eko jabea) aurrean elkarretaratzea egin zuten, euren lanpostuak defendatzeko. Joan-etorriko bidaia luze horren ondoren, gaur bertan Iruñeko Alde Zaharrean ehunka lagun bildu dira manifestazioan, Udal Plazatik Nafarroako Gobernuraino.
Jakina denez, orain dela aste batzuk 34 kontratu amaitzeko EEE aurkeztu zuen enpresak (osotara, 60 langile daude). ELAko ordezkariek Loxineko produkzioaren garrantzia azpimarratzen dute: mundu osoan beste 15 enpresek baino ez dute egiten Loxinek ekoizten duen produktua (esparru aeronautikoan). Beraz, punta-puntako enpresa teknologikoa da Loxin, eta Nafarroako Gobernuak ezin du beste aldera begiratu, baldin eta bere 4.0 Industriaren aldeko iragarritako apustua benetakoa bada.