Lurralde Batzordeak Imanol Pascual hautatu du ELA-Nafarroako koordinatzaile berria izateko

2019/04/12
ELA-Nafarroako Lurralde Batzordeak Imanol Pascual Ariz hautatu egin du Nafarroako koordinatzaile berria izateko, oraino Mitxel Lakuntza izan dena. Jakina denez, Lakuntza sindikatuaren idazkari nagusi berria da, apirilaren 5eko Donostiako Kursaalean gauzatu zen Ez Ohiko Kongresuan onartu zen bezala (%95ko babesarekin).

Imanol Pascualen izendapena Nafarroako ELAren egiturak eta federazioak ordezkatzen duen organoak (Lurralde Batzordeak) onartu du, sindikatuaren Nazio Batzordeak egindako proposamena berretsita.

Imanol Pascual Ariz orain dela 37 urte Iruñean jaio zen, eta egun Tuteran bizi da. ELAren egituran 2005ean sartu zen, eta eginkizun ezberdin batzuk garatu ditu: Zerbitzu Juridikoetako abokatua, Azterketa Bulegoaren teknikaria, Gizalan-Zerbitzu Publikoetako zein Nafarroako Nagoziazio Kolektiboaren arduraduna (azken hau 2016tik hona). Imanol Pascual Zuzenbidearen eta Enpresetako Zuzendaritza eta Administrazioaren lizentziaduna da (NUP), eta ELAren Nazio Batzordearen kidea da.