Maiatzean egindako kontratuen % 94,4 aldi baterakoak izan dira

2021/06/02
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako langabeziari buruzko datuek erakusten dutenez, langabezian dauden pertsonen kopuruak behera egin duen arren, prekarietateak bere horretan jarraitzen du.

Nafarroan 3.185 pertsonatan murriztu da desenplegua maiatzean, baina pandemiaren aurreko hilabeteetatik oso urrun jarraitzen dugu oraindik. Langabeziaren murrizketa hori gehiago sentitu da gizonen artean, eta horren ondorioz, langabetuen % 59,4 emakumeak dira, horrek aurreko hilabeteetakoa baino ehuneko altuagoa suposatzen du.

Europarekin alderatuta, Nafarroaren langabezia-tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du; Nafarroan, tasa % 12,3koa da, eta Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, % 7,3koa. Beraz, datuek erakusten dute langabeziaren igoera askoz handiagoa izan dela Nafarroan EBko kide diren herrialdeetan baino.
Maiatzean kontratuek gora egin dute iazko datuekin alderatuta, baina 2019ko mailatik oso urrun jarraitzen dute. Halaber, Espainiako Lan Ministerioak argitaratutako datuen arabera, kontratu gehienak aldi baterakoak dira, zehazki, behin-behinekotasuna % 94,4koa da.
Inolako prestaziorik jasotzen ez duten pertsonen ehunekoa % 58ra igo da apirilean; beraz, dagoeneko 24.215 pertsona daude inolako prestaziorik gabe. Gainera, lau langabetik batek ( % 26) soilik kobratu du kontribuzio-mailako langabezia-prestazioa.
Egoera honen aurrean eta ziurgabetasun-testuinguru honetan, ELAk lan-erreformaren erabateko indargabetzea exijitzen du, funtsezko gaia baita langileriaren baldintzak hobetzeko. Era berean, ELAk salatzen du Nafarroako Gobernuak erantzukizun zuzena duela enpleguaren egungo egoeran. Datuek erakusten dutenez, behin-behinekotasunaren arazoak konpondu gabe jarraitzen du, eta, horregatik, sektore publikoetako langileak finkatzetik hasi behar da. Neurri horiekin batera, langabeentzako laguntzak aldatu behar dira, pobrezia-egoerak saihesteko eta inor bidean ez geratzeko.