Hiltzen eta gaixotzen gaituen sistemaren aurkako manifestazioa #PrekaritateaHiltzailea

2021/04/28
Apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Egunean, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta ehunka pertsona Iruñeko kaleetan izan dira, hil eta gaixotzen gaituen sistemaren aurka eta Nafarroako Gobernuari erdigunean bizitza jarriko duten politika publikoak eskatzeko.

Sindikatuek, iaz hildako pertsona guztiei, beren lanpostuetan osasuna galdu dutenei eta prekarietatearen biktimei omenaldia egiteaz gain, koronabirusaren pandemian lehen lerroan egon diren eta dauden langile guztien lana aitortu nahi izan dute. Kutsatzeko arrisku handia duten pertsonak, gehienak emakumeak, kasu askotan behar bezalako segurtasun-neurririk gabe. "Lehentasunezkoa da konfinamenduko onarpen soziala eta txaloak haien lan-baldintzak hobetzera bideratzea, eta, horretarako, premiazkoa da oinarrizko zerbitzuak publikotzea, osasun sistemaren behin-behinekotasun neurrigabearekin amaitzea eta zaintza sistemarekin negozioa egiteari uztea", esan dute.

Langileen osasun eta bizi baldintzek okerrera egin dutela salatu ostean, sindikatuek lan erreformak bertan behera uztea eta lantokietako segurtasun baldintzak kontrolatzeko baliabide publikoak handitzea eskatu dute.

Zentzu horretan, erakunde publikoek egindako pandemiaren kudeaketa negargarria gogor kritikatu dute, patronalarekin bat etorriz diseinatutakoa eta kutsatze eta heriotza kopuru izugarria ekarri duena. ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuek, aldiz, ZERO COVID estrategia aldarrikatu dute, eta ikuskapen lanei esleitutako baliabideak EBko batez bestekoarekin parekatzea eta administrazio publikoek ekoizpen sistemaren gaineko lan eta osasun agintaritza gisa jardutea eskatu dute, behingoz.