GREBA OROKORRA

Martxoaren 17an, GREBA OROKORRA: LGS hemen erabaki

2025/12/15
Martxoaren 17an, GREBA OROKORRA: LGS hemen erabaki
ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorra deitu dute datorren martxoaren 17an, Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko.

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian greba orokorra iragarri dute, ‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 €. Mejorar salarios para repartir la riqueza’, leloarekin; helburua da EAEn eta Nafarroan ezarriko den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzea. Gaurko agerraldian Imanol Pascualek ELA-Nafarroako koordinatzaileak eta Imanol Karrrerak LAB-Nafarrroako bozeramaileak hitz egin dute; biek salatu dute Hego Euskal Herriko erakunde politikoen “eraso antidemokratikoa”, bertoko LGS bati buruzko eztabaida hasteko aukerari ere bidea itxi baitiote.

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek 2025eko hasieran martxan jarri zuten Nafarroak bere Gutxieneko Soldata ezarri ahal izateko dinamika. Horretarako, UGT, CCOO eta CEN gonbidatu ziren Hitzarmen Interprofesional bat sinatzera. Hala ere, enpresarien irizpideak jarraituz, hiru erakundeetako bat ere ez zen bilerara joan, gizarte osoari eta bereziki jenderik zaurgarriena (pertsona migratuak, emakumeak, gazteak…) mesedetuko lituzkeen proposamen baten aurkako jarrera argia erakutsiz. Ildo beretik, ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek salatu dute María Chivite presidenteak ekimen honen sustatzaileekin biltzeari uko egin ziola, CEN, UGT eta CCOOekin lerrokatuz.

Helburu berarekin, Nafarroan Gutxieneko Soldata arautzeko eskumena lortzeko Herri Ekimen Legegilea martxan jartzeko prozedura abiatu zen, baina Parlamentuak ez zuen tramitera onartu argudiatuz arazo juridikoak zeudela. Hala ere, udako hilabeteetan sinadura bilketa egin da, eta hiru hilabetetan 18.316 nafar langileren babesa lortu da. Kopuru horrek hirukoiztu egiten du Herri Ekimen Legegilea martxan jartzeko eskatzen den gutxieneko sinadura kopurua.

Horrenbestez, ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek erabaki dute erantzun indartsu bat emango diotela Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, baita Confebask eta CEn patronalei ere: Martxoaren 17rako greba orokorra deituko dute. “Oso larria da ordezkari politikoek gizarteari ukatzea lege-aldaketak proposatzeko duen aukera bakarra; demokrazia zeharo murrizten ari dira”. Gainera, sindikatu deitzaileek nabarmendu dutenez “langileriaren eskubideen aldeko autogobernu- eta burujabetza-ariketa bat gutxietsi dute; Nafarroako Gobernuak, UGTk, CCOOek eta Patronalak lan-legedia inposatu nahi dute, Nafarroako langile-klasea are egoera prekarioagora bultzatzeko”.

Hain zuzen, greba deituko duten sindikatuek hasteko 2026rako 1.500 euroko LGS bat proposatzen dute; hau Nafarroako Parlamentuak finkatu beharko luke, behin Diputatuen Kongresuan Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatzeko urratsa egin eta gero. Horregatik, euskal alderdi politikoei galdegiten diete aldarri hau Madrilera eraman eta haren onarpena negozia dezaten. Bide batez, sindikatuek alderdiei eskatzen diete ez dezatela EAEko nahiz Nafarroako estatus juridikoaren aldaketarik onartu baldin eta eskuduntza hori gabe bada. Halaber, Confebask eta CEN patronalei egindako eskariak bere horretan dirau: lanbidearteko akordioak sina ditzatela LGSa hilean 1.500 eurokoa izan dadin 2026rako.

Jakina denez, LGSa handituz gero negoziazio kolektiboan eragina izango luke, beste soldaten igoera ere ekarriko bailuke; horregatik, greba orokor hau langileria guztiarentzako hitzordu saihestezina dugu. Soldatak hobetzearen ondorioz aberastasunaren banaketa hobea lortzeko inflexio puntua da. Deitzaile diren sindikatuek nabarmendu dute gutxienez 1.500 euroko gutxieneko LGS bat lortzeak emakume langileei ezarritako soldata-arrakala murrizten lagunduko duela. Era berean, ondorio zuzenak izango ditu prekarizatuenak diren kolektiboetan (gazteak, migratzaileak edo aniztasun funtzionala duten pertsonak).

Martxoaren 17ko grebaren ardatz izango den aldarrikapen hau gauzatuz gero, halako LGS bat babes sozialeko sistemaren oinarri izango litzateke; honek gaur egun gabezia handiak ditu. 1.500 euro horiek, bestalde, gutxieneko pentsioaren zenbatekoa ere izan beharko lirateke; horrela Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskari nagusietako bat beteko litzateke. Eta nahikoak izan beharko lukete etxebizitza bat eskuratzeko eta bizimodu independentea garatzeko.

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek bereziki aipatu dute greba honetako aldarri nagusia ikuspegi sozialetik eginiko burujabetza ariketa bat dela: aberastasunaren banaketa hobea eta kohesio sozial areagotua litzateke Nafarroarentzako eskuduntza berrien bidez, patronalek eta gobernuek Madrilen erabakitako legeak baliatu nahi baitituzte euskal langileria prekarizatzeko. Honenbestez, martxoaren 17ko greba orokorra gizartearen aurrerapauso bat izango da erabaki politikoetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzeko; kasu honetan, LGSa eta gainerako soldata eta prestazio sozialak erabakitzeko Nafarroari zor zaion eskubidea.

Greba deituko duten sindikatuek nabarmendu dute 1.500 euroko gutxieneko LGS bat lortzeak on egingo liekeela kolektiborik prekarizatuenei (gazteak, migratzaileak, emakumeak eta aniztasun funtzionala dutenak), eta era berean jendarteko sektore zabalen elkartasun adierazpena izango dela. Hots, langileria guztia deituta dago M17ko greba orokorra sustatzera eta hartan parte hartzera, datozen asteetan horren baitan izango diren mobilizazio guztietan bezalaxe.