Martxoaren 8ko greba feminista historikoa izan da

Martxoaren 8ko greba feminista historikoa izan da, Nafarroan inoiz egin den mobilizazio feministarik handiena. Lehenik eta behin, zorionak parte hartu duzuen emakume guztioi eta parte hartzeko borondatea izanik ere, arrazoi ezberdinengatik ezin izan duzuenoi!
Sindikalismoarentzat, eta, ELArentzat ere, greba historikoa eta berritzailea izan da, enplegutik harago lan guztien aitortzaren beharra eztabaida politikoaren erdigunean jarri delako. Atzoko egunean lortu genuen hau, baina sindikatuok asko daukagu egiteko oraindik bide honetan.
Berritzailea izan da, era berean, mugimendu feministak egindako deialdia izan delako. ELAk bat egin du deialdi honekin eta enpleguaren alorrean bere ekarpena egin du. Atzoko greba mugarria izan da sindikalismoaren eta mugimendu feministaren artean beharrezkoa den elkarlanean. Urrats garrantzitsua eman dugu.
Enpleguaren esparruan ere greba arrakastatsua izan da. Sektore feminizatuetan emakumeen lan baldintzak hobetzeko egiten ari garen lana indartzeko egun bat izan da. Sektore hauetan grebaren eragina oso handia izan da: irakaskuntzan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, garbikuntzan, merkataritzan... Beste behin ere argi geratu da emakumeen borroka sindikalak ere borroka feministaren parte direla.
Azpimarratu nahi dugu greba honen aldarrikapen nagusia sistema kapitalista eta heteropatriarkala aldatzearen beharra izan dela, sistema bera delako emakumeen egiturazko desberdintasun egoeraz baliatzen dena. Horretarako, borondate politiko argia eta sakoneko neurriak behar dira.
Nafarroako erakunde gehienak grebaren helburuekin ados agertu dira, nahiz eta greba bera ez babestu. Egunerokoan, Nafarroako administrazioak emakumeen bizi eta lan baldintzen aurkako neurriak hartzen ari dira: berdintasun politiketan eta zaintzarako zerbitzu publikoetan murrizketak, administrazioetako azpikontratetan emakumeen lan baldintza eta soldata baxuagoak... Berdintasun formala aldarrikatu bai, baina benetako politikak kontrako norabidean doaz.
Testuinguru honetan, Kontratu Publikoen Legea eztabaidatuko da Parlamentuan. Emakumeen soldata diskriminazioaren aurka neurri asko har ditzake: has dadila, adibidez, azken urteetan egin dituen murrizketak atzera botatzen edo azpikontratatzen dituen zerbitzuetan soldata baxuagorik ez onartzen.
Soldata arrakala ez da konponduko elkarrizketa sozialaren esparruetan. Emakumeen antolakuntza eta borroka dira soldata arrakalaren aurka eta emakumeen eskubideen alde egiteko eskura dauzkagun tresnarik eraginkorrenak. Atzoko greba feministarekin argi geratu zen hau.