Mercadonako langileek euren hitzarmena Nafarroan negoziatzeko eskubidea aldarrikatzen dute

2018/12/26
ELA mobilizazioak egiten ari da negoziazio kolektiboaren eskubidea defendatzeko, KPIren gaineko soldata igoerak eta asteko bi jaiegunak lortzeko.

Mercadonako langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako hitzarmen propio bat negoziatzeko eskubidea aldarrikatzeko, benetako arazoak konpontzeko eta Valentzian itxitako Estatuko negoziazioan gertaturikoa saihesteko helburuarekin.

ELAk Mercadonako zuzendaritzari jakinarazi dio, legalki zein sozialki, Nafarroako langileek euren lan baldintzak hemen negoziatu nahi dituztela. ELAk egindako horren inguruko inkesta batek dio langileen %93 horren aldekoa dela. ELAk Mercadonako zuzendaritzari bilera batera deitu zion Nafarroako negoziazio esparrua irekitzeko -hemengo hitzarmena negoziatzea guztiz legezkoa denez, Estatuan sinatutakoaz aparte-, baina zuzendaritzak erantzun zuen ez zela bilduko.

Langileen aldarrikapen nagusiak (ELAren plataforman sarturik) ondokoak dira:

  • Denda Antolatzeko Eredua (DAE) bertan behera uztea: lan sistema berri honek enpresaren antolakuntzan eta euren funtzioak nola banatuko diren oinarrituta dago, baina langileen lan zama handitzen du.
  • Asteko bi jaiegunak. ELAk helburu hori lortzeko alternatibak aurkeztu ditu. Orain, asteko jaiegun bat besterik ez dago.
  • KPIaren gaineko soldata igoerak. Mercadonak 322 milioi euroko etekin garbia iragarri du. Mercadonako langile bakoitzak 247.000 euroko dirusarrera sortu du, baina euren soldatak urteko 24.800 euro gordin dira. ELAk azpimarratzen du Nafarroako langileak dirusarrera nahikoak sortzen ari direla euren soldatak KPI gaineko igoerak jasotzeko (hori da, hain justu, Valentzian adostua).

Nafarroako langileak Valentzian sinatutako akordioaren aurka daude, konpondu beharreko arazoak ez direlako konpondu. UGTk eta CCOOek ez dituzte negoziatu benetan garrantzitsuak diren gaiak, eta konpondu gabe geratu dira. ELAk mobilizazioei eutsiko die Nafarroako negoziazio propioa lortu arte.