Mila ELAkide baino gehiagok euren autonomia eta gauzak aldatzeko eskubidea aldarrikatu dituzte Iruñeko kaleetan

Manifestazioa Gurutze plazatik abiatu eta Udal Plazan bukatu da, giro ezin-hobea sortuz eta langileen aldarrikapenak ozen hedatuz. Amaierako ekitaldian, Mitxel Lakuntzak (ELA Nafarroako koordinatzaileak), sindikatuaren autonomia aldarrikatu du: “Langileen defentsan esparru sozial, politiko eta ekonomikoak kontuan hartu behar direlako, ezinbestean, sindikatuak esparru horietan ere eragiteko beharra dauka”.
ELA sindikatuko koordinatzaileak azpimarratu du: “Gure autonomia defendatzen jarraituko dugu helburu bikoitzarekin; langileak oinarritik antolatzea, lan zentro bakoitzetik, lan erreformek eragindako prekarietate handiagoaren ondorioei aurre egiteko, eta bestalde, gure iritzia emateko eta politikan eragiteko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, jende arruntaren eskubideak defendatzeko!.
Zentzu honetan, oinak lurrean edukitzearen garrantzia adierazi du: “Murrizketa sozialak eta lan eta soldata baldintzen okerragotzea jasaten dituztenen alboan gaude. Horretan datza aurtengo leloaren gakoa”.
Lakuntzak lan prekarietatea zabaltzean oinarritzen den patronalaren estrategiari jarraitasuna ematearen arriskuaz ohartarazi du. “Ezin dugu hazkunde ekonomikoa nabaritu ez dugunik esan, nabaritu dugu, izan ere langilegoari iristen ari zaiona soldata baxuak, malgutasuna eta ezegonkortasuna baitira” esan du.
Ildo honetatik jarraituz, prekarietatea funtzio publikoko langileetan eta Administrazioko milaka azpikontratatuetan ere badagoela gogorarazi dio Nafar Gobernuari. Aldaketak ezin duela ondasunaren banaketaren eztabaida alde batera utzi nabarmendu du ELAk, horregatik Nafarroa Europar Batasunean irabaziak dituzten enpresek gutxien ordaintzen duten herrialdeen artetik aterako duen erreforma fiskala eskatu du.
Maiatzaren Lehenean ELAk Nafarroako langile klasearen artean sekula izan ez duen ordezkaritzarik handiena dauka (23,10%). Etengabeko aurrerapauso honek berresten du ELAren apustua, autonomia, gertutasuna eta eredu aldarrikatzailea, oinarritik langileak lantokiz lantoki antolatzea helburu duena.
Langileen jaiak Labrit pilotalekuan jarraitu du, herri bazkari batekin (350 bat ELAkidek hartu dute parte), Iruñeko Maiatzaren Lehenari amaiera ezin-hobea emanez.