Mitxel Lakuntzak oroitarazi du "aldaketa politikoak ia dena duela egiteko", Nafarroako sektore publikoko lan-baldintzei dagokienez
ELAk sektore publikoko ordezkarien biltzarra egin du apirilaren 15ean, Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusi berriaren partaidetzarekin. Iruñako Planetarioan izan da biltzarra, aztergaiak honako hauek direla: sektore publikoko lan-baldintzek azken legealdian izan duten bilakaera aztertzea, eta Foru Administrazioan maiatzaren 22an eginen diren hauteskunde sindikalak prestatzea. ELA bigarren sindikatua da Foru Administrazioan, eta goiburu honen pean ekinen die hauteskundeei: "Mucho por hacer; publikoaren defentsan tinko".
ELAren ustez legealdi honetan sektore publikoko lan-baldintzak hobetzeko aukera galdu da. Aldaketako alderdiek dena edo ia dena dute egiteko, sektore publikoko lan-baldintzen arloan. UPNk eta PSNk egindako murrizketetatik anitz eta anitz lehengoratu gabe daude oraindik, eta Osasunbideara edo hezkuntzara bideratzen den gastu publikoaren portzentajea txikiagoa da, krisiaren aitzinekoa baino. Kalitatezko zerbitzu publikoak izateko, ezinbertzekoa da lan-baldintza onak izatea. Eta horregatik, langileen lan-baldintzak hobetzeko arloan, Nafarroako Gobernua eredugarria izan beharko zen; baina, aldiz, behin-behinekotasunaren tasa %40aren ingurukoa da, sektore publikoko soldata-igoerak ez zaizkio lotzen ezta KPIri ere, ez da ezarri lanbide-karrera, gradoaren kobrantza ez zaio aitortu pertsonal osoari, ez da gutxitu soldata-arrakala...
Horiek horrela, sektoreko publikoko langileek ELA bezalako sindikatu sendo baten beharra dute; duen independentzia ekonomiko eta politikotik beren ordezkaritzan aritzeko, eta lan-baldintzen alde egiteko.