Espainiar Estatuko presio fiskalik txikiena duelako Nafarroako Gobernuko Bozeramailearen harrotasuna deitoratzen du ELAk

2021/02/18
Sindikatuaren ustez, Javier Remirez Presidenteorde eta bozeramailearen adierazpenek Nafarroako Gobernuaren justizia fiskalaren aldeko konpromisorik eza erakusten dute. ELAk gogorarazi du Gobernu honek hartutako neurri fiskal nagusia enpresa ondarearen gaineko zerga kentzea izan dela, "Nafarroako fiskalitatearen bidegabekeria areagotuz". ELAk uste du ezinbestekoa dela zerga-erreforma premiaz egitea, zerbitzu publikoak indartu eta Nafarroan dauden behar sozialei aurre egin ahal izateko

Merkataritza ganberek, Ekonomialarien Kontseilu Nagusiarekin lankidetzan, egin berri duten txosten baten arabera, Kanariar Uharteen ondoren Estatu osoan presio fiskal txikiena duen autonomia-erkidegoa da Nafarroa.

ELAren iritziz, Nafarroan zerga-sistema ez da nahikoa (EBko batez bestekoa presio fiskalak baino 1.675 milioi euro gutxiago biltzen dira), bidegabea da (zuzeneko zergen bidez biltzen diren 10 eurotik 7 lan-errentak dira) eta enpresen eta enpresa- eta kapital-errenten iruzur fiskala ahalbidetzen ditu. Ildo beretik, gogoratu behar da Sozietateen gaineko Zergari dagokionez Nafarroa dela zerga horren bidez gutxien biltzen den Estatu osoko lurraldea, eta gogoratu behar da Gobernu honen zerga-neurri nagusiena enpresa-ondarearen gaineko zerga ezabatzea izan dela.

"UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik 6 urte igaro direnean garai hartako fiskalitate ia bera dugu zoritxarrez, eta horrek agerian uzten du aberastasun handiek eta enpresen lobbyek egoera pribilegiatuari eusten diotela, inork egoera hori zuzendu nahi izan gabe", dio ELAk.

Hau guztiagatik, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Presidenteorde eta bozeramailearen adierazpenak deitoratzen ditu, Nafarroako egoera fiskala "aurrerakoia" dela esan duelako. Izan ere, Nafarroako presio fiskala Madrilekoa baino txikiagoa da (% 9,79 Madrilen eta % 8,41 Nafarroan); erkidego hori paradisu fiskalaren atariko adibide gisa jartzen den bitartean.

Azkenik, ELAk uste du ezinbestekoa dela zerga-erreforma premiaz egitea, zerbitzu publikoak indartu eta Nafarroan dauden behar sozialei aurre egin ahal izateko; izan ere, pandemiaren ondorioz, beharrizan horiek ugaritu egin dira.