Nafarroako aurrekontuen lehentasuna ez da behar sozialak asetzea, Montorori men egitea baizik

2017/11/06
Nafarroako aurrekontuen lehentasuna ez da behar sozialak asetzea, Montorori men egitea baizik
Artxiboko irudia
Nafarroako Gobernuak aurkeztutako 2018ko aurrekontuen aurreproiektua azken urteetan onartutakoen ildo beretik doa. Inolako anbiziorik ez duen aurrekontua da, Madrildik esandakoa betetzen duena (hemengo Gobernuak honekin adostasuna erakutsi eta gero) Nafarroako behar sozialak ase beharrean. Nafarroako lehentasunak aurrekontua egiterako garaian defizit muga, gastu erregela eta zor publikoaren ordainketa dira, hauek inongo momentuan zalantzan jarri gabe edo eztabaidarik sortu gabe. Eta gelditzen den diruarekin, aurrekontua koadratu.

Lehentasun hauek izatearen ondorio dira:

  • Ez dagoela inolako partaidetza sozialik: CESak ez du partaidetza soziala bermatzen. Denbora gutxi ematen da aurrekontua jasotzen denetik bilera izaten den arte, azterketa egoki bat eta proposamenak lantzeko aukerarik gabe, eta bileraren ondoren Gobernuak ez du denborarik proposatutakoa aurrekontuan jasotzeko, Parlamentura bidali behar du eta. Ez dago partaidetzarako borondate politikorik.

  • Aurrekontua ez da hazten: nahiz eta euro kopuruan aurrekontua zerbait hazi den 2017tik 2018ra, BPGarekiko pisua galduko du.

Beste alde batetik, tamalgarria da Gobernuak CESari zergak aldatzeko inolako ekimenik ez aurkeztu izana. Sozietateen gaineko zergak 2007tik 377 milioi gutxiago biltzen ditu, eta 2017an zerga honen inbertsio eta enplegua sortzeko eta I+Garen gaineko onura fiskalak medio, 70 milioi euro gutxiago biltzea espero da.

Benetako aldaketa soziala nahi bada, aurrekontua egiteko lehentasunak aldatzea beharrezkoa da, pertsonak eta bizitza erdian jarriz. Penagarria da hau Nafarroako Gobernuaren borondatea ez izatea.