Nafarroako Berdintasun Legeak berdintasuna sustatzen du baina genero arteko amildegia apurtu gabe

2019/03/28
Berdintasuna formalki sustatzen du, baina genero arteko amildegia ez da desagertzen. Lehen urrats hau ontzat eman genezake, baina uste dugu berdintasun legea ezin dela asmo onen biltegi soila izan, ez eta deskribapenerako balio duten diagnostiko hutsean geratu ere.

Nafarroako Parlamentuak joan den martxoaren 28an onartu zuen Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun Lege berria aurrera ateratzeko txostena. Lege hau aitzindaria izango dela esan dute, eta maila guztietan formalki transbertsala da.

ELAk aitortzen du mekanismo instituzional sendoak beharrezkoak direla genero-desberdintasun estrukturalak erauzteko; haiek marraztu behar dituzte marko teoriko aurrerakoiak genero berdintasuna benetakoa izan dadin. Hain zuzen, urrats honi ongi irizten diogu, noiz eta egungo politikan eraso matxista ultrakontserbadorea indarrean dagoenean.

Halere, genero-politika publikoek beste politika batzuren aldean izan ohi duten kokapena jakinik, eta arriskua dagoelarik sustatu dituztenen borondate politiko hutsean geratzeko, bere blindajea eta derrigor bete beharra ez da nahikoa, ez eta aurrekontuetan jasotako diru-saila ere.

Halaber, ontzat ematen dugu marko teoriko feminista zabala ezartzen dela, eredu sozial berriaren ardatz gisa bizitza sostengagarria delarik eta errealitatearen ikusmolde intersekzionala jasotzen duelarik, edota genero ikuspuntutik egindako aurrekontuak. Emakumeak hainbat eremutan ahaldundu eta parte hartzeari buruz berariazko aipamena egiten da; gainera, genero-rol edo estereotipoak zalantzan jartzen dira, eta emakumeen kontrako bortizkeria salatu. Haatik, ez dugu ikusten zehaztasun handirik eskubide sexual eta erreproduktiboen garapenari eta hauek dagozkien politikei dagokienez.

Gure ustez lege honen edukia gertuago dago deskribapenetik edo diagnostikotik, ekintza positibo konkretuak ez baitira zehazten hainbat gaitan, besteak bestee, soldata arrakala, kontratazio publikoa, edota okupazioaren segregazioa gainditzea.

Legearen parte hartze prozesuaz, bestalde, mugimendu feministak eta sindikatuok parte hartze handiagoa izan behar dugu, hala egiterakoan, nola etorkizuneko aplikazio, ebaluaketa eta jarraipen fasean.

Halaber, legea gehiago zehaztea falta delarik, ez gatoz bat negoziazio kolektiboa `sustatzeko´eta genero klausula efektiboak gauzatzeko marko gisa lan harremanen hiru parteko organoa aipatzea.

Lehen urrats hau ontzat eman genezake, baina uste dugu berdintasun legea ezin dela asmo onen biltegi soila izan, ez eta deskribapenerako balio duten diagnostiko hutsean geratu ere. Fiskalizazio feminista etengabea eskatzen du, eta bermatu behar dira bera gauzatzeko baliabideak nahiz mugimendu feministak zein sindikalak benetan parte hartzeko guneak izatea.