aldaketa klimatikoa

Nafarroako CO2 emisioak %12 hazi dira 1990az geroztik; EBkoak %28 murriztu diren bitartean

2023/12/19
ELAk ohartarazi du energia kontsumoa murriztu behar dela, energiaren sektorea publiko egin, garraio kolektiboa bultzatu eta industria eraldatu, besteak beste. ELAk oso balorazio txarra egin du COP28ari buruz, azkenean ez delako adostu erregai fosilen amaierarik.

ELAk oso balorazio kaskarra egin du Dubain egin den COP28ari buruz, azkenean ez delako adostu erregai fosilen amaierarik. Baina emaitza hori aurreikus zitekeen, kontuan hartuta negoziazio horren lidergoa petrolio-enpresa garrantzitsu baten jabeak zuela.

ELAk Hego Euskal Herri emisioen bilakaera aztertzen duen txostena egin du.

Nafarroan, zehazki, datuak oso kezkagarriak dira; izan ere, emisio guztiak %12 igo dira 1990az geroztik, batez ere Castejongo ziklo konbinatuko zentralaren funtzionamenduagatik (erregai fosila den gas naturala erabiltzen du elektrizitatea ekoizteko). Gainera, emisio guztien ordez gure lurraldean isurtzen diren emisio zuzenen datua kontuan hartzen bada, hau da, Castejonen sortu eta esportatzen den elektrizitatearen emisioak ere kontuan hartuta, Nafarroan emisioak %75 egin dute gora. Horrek agerian uzten du dugun politika eraginkorren gabezia.

Datuak kezkagarriak dira orohar, izan ere, 1990az geroztik Hego Euskal Herrian emisioak %10 bakarrik murriztu dira; Europako Batasunean, berriz, %28 jaitsi dira. Edozein kasutan, 2030erako %55eko murrizketa helburua (Parisko Akordioan finkatua) gero eta urrunago dago, eta horrek presazko neurriak hartzera behartzen du.

Azken 30 urteetan eman diren murrizketa apurrak 2008ko krisi ekonomikoaren ondoren eta pandemiaren ondorio izan dira, eta ez murrizketa helburu duten politika publikoen ondorioa. Hego Euskal Herriko instituzioek garraioaren, energiaren eta eraikuntzaren sektoreetako enpresa handien negozioa lehenetsi besterik ez dute egiten.

Klima aldaketari aurre egiteko ELAren proposamena trantsizio ekosozialean oinarritzen da, planeta eta pertsonen bizitza erdigunean jarriko duena, eta ez gutxi batzuen negozioak. Trantsizio horretan aurrera egiteko neurri hauetan oinarritu behar dira: ekonomia birkokatzean, energia eta material kontsumoa murriztean, energia berriztagarrian oinarritutako energia-trantsizioan eta industria jarduera iraunkorretarantz eraldatzean.

Txostena atxikita