Nafarroako ELA-Itunpekoak bere elkartasuna adierazten die Donostiako Claret Ikastolako langileei, eta Nafarroako Birkokapen Akordioa ezer ezean gelditu dela salatzen du

2019/05/31
Nafarroako itunpeko ikastetxeetako ELAko delegatuak Iruñeko Klaretarren aurrean bildu dira Donostiako Claret Ikastolako amaiera-EEEn baldintza duinak exigitzeko. Donostian Klaretarrek duten Ikastolaren itxieraren aurrean, Nafarroako Itunpeko ikastetxeetako delegatuek gipuzkoarrak lagundu dituzte Iruñeko Klaretarren aurrean egin den elkarretaratzean. ELAk honako egoera hau Nafarroako ikastetxeren batean gerta daitekeela salatu nahi du, baita oraintxe langileak babesik gabe daudela ere, mota honetako krisiak ez direlako kontuan hartzen, eta indarrean dagoen Nafarroako Birkokapen Akordioak, atzerapausua izateagatik ELAk sinatu ez duenak, irtenbidea bertan behera utzi duelako: jubilazioa, ukazioa edota kaleratzeagatik sareko beste ikastetxeetan eskuragai geratzen diren plaza-hutsak ez zaizkie eskainiko bere lanpostua galdu duten langileei, ikasgelak ixtekotan.

 

Donostiako Claret Ikastolak Gros auzoan 1927. urtean bere ateak ireki zituenetik milaka haur eta gaztetxo bere geletatik pasa dira. Asko izan gara urte hauetan ikastolan lan egin dugun irakasle eta zerbitzuetako langileak, guraso eta haurrengandik gertu, garen hezkuntza komunitatea sortu arte.

Gaur egun Claret Ikastolan 29 langile gara: irakasle, hezitzaile, administrari, garbitzaile eta beste zerbitzu batzuetakoak, eta bataz beste, 25 urteko aintzintasunarekin.

Iaz ikastolaren itxieraren erabakia jaso genuen. Hasieran itxiera bi ikasturtetan egingo zela esan zuen Claretar ordezkaritzak. Baina aurtengo matrikulazio epea hasi aurretik, zuzendariak bidalita, familiek ikastolaren itxiera 2019ko irailaren 1ean ziurtatutzat jotzen zuen eskutitza jaso zuten, aurretik planteatutako aukera bertan behera utziz.

Claret Ikastolako langileok lehenik eta behin, gure egoera zein den azaldu nahi dugu:

  1. Claretar ordezkaritzarekin hainbat batzar egin dugu, Kaleratze EREaren baldintzak aurreikusteko, ahal den irtenbide duinena izateko asmoz.

  1. Hezkuntza Sailatik datorren ikasturterako itun ezaren baieztapena jaso bezain laster, kaleratzeko EREa martxan jarriko dutela esan digute.

  1. Claret Ikastola EIB (Eusko Ikastola Batza) patronalaren partaide da, eta beraz Ikastoletako lan hitzarmena dagokigu. Hitzarmen honetan, bere 21. artikuluan, matrikulazioaren jaitsieragatik, eszedenteak sortzen diren ikastoletarako, birkokapen sistema bat jasotzen da. Horretarako prozedura bat badago ezarrita. Prozedura hau martxan jartzea eskatzen dugu. Beste kasu batzuetan sistema hau erabili bada, zergatik ez hemen? Zergatik ez dute zuzendaritzak eta patronalak prozesu hau martxan jarri nahi?

Bestalde, Claretarrek, Euskal Herrian badituzte beste bi ikastetxe, Claret Askartza, Leioan, eta Claret Larraona, Iruñean. Bi ikastetxe hauetan ere birkokatze prozesu bat martxan jar zezaten saiakera egin dugu, baina aukerarik ez dagoela ziurtatu digute.

Claretar ordezkaritzaren aldetik oso jarrera itxia ikusi dugu. Langileoi irtenbide duinak eman eta kaleratzeak ekiditeko borondate gutxi sumatu dugu eta hau mingarria egiten zaigu.

Legeak ezartzen duena baino ez dute mahai gainean jartzen, hau da, indemnizazio minimoa. Guk, langileentzat irtenbide duina eskatzen dugu, eta aukerak badaudela uste dugu.

Urte luzez langileon inplikazioa Claret Ikastolaren Hezkuntza Proiektuarekiko erabatekoa izan da eta gure formazioa etengabea. Talde lanean aritu gara langileok garrantzitsuak ziren proiektu eta beharrak aurrera ateratzeko, Hezkuntza Komunitatea aurrera eramaten, agiri desberdinak lortzen…

Zoritxarrez, Claretar Entitateak erabakia hartuta dauka, eta egoera honen aurrean, ikasleak, gurasoak eta langileak gara kaltetuak.

Hau guztiagatik, langileok egoerarekin dugun desadostasuna agertzen dugu eta merezi ditugun baldintzak nahi ditugu.

Klaretarrak interpelatu nahi ditugu gaur: Claret Ikastolako langileok gure ikasleak Claretar Idearioak proposatzen dituen baloreetan hezi ditugu: gizartearekiko konpromisoa, solidaritatea, justizia, errespetua, espiritu kritikoa … Ikastolaren itxiera prozesu honetan kostata ikusten ditugu balore hauek gurekiko. Beraz dei egiten diegu EREa martxan jarri aurretik birkokapen prozedura martxan jar dezaten eta planteatzen diren baldintzak duinak izan daitezen.