Nafarroako erresidentzietako langileek greba eta mobilizazioekin jarraitzen dute sektoreko hitzarmena lortu arte

2022/04/27
Mendekotasunaren sektorean ordezkaritza handiena duten ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek bai patronalari bai Nafarroako Gobernuari Nafarroako Hirugarren Adineko Zentroen Sektoreko Hitzarmen Kolektibo Sektorial eta Autonomikoa eskatzen jarraitzen dugu.

Horretarako, adinekoen zaintzaren sektorean nagusi den enpresa mota nolakoa den erakusten duen egoitza-zentro berri baten aurrean kontzentrazioa deitu dugu gaur. Kudeaketa pribatuko enpresak, sektoreko eta zerbitzuko profesionalen lan-baldintzen eta gure adinekoei ematen zaien laguntzaren kalitatearen aurrean etekin ekonomikoak lortzeari lehentasuna ematen diotenak. Horregatik, beharrezkoa da eredu publiko, doako eta unibertsalerantz joatea.

Gaur egun dituzten lan- eta soldata-baldintzak hobetu eta duindu behar dituzten langileen aldarrikapenei erantzuteko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, bera baita sektorea diru publikoarekin finantzatzen duena.

Zainketen lana duindu behar dugu, hauek bermatuko dituen Hitzarmen Kolektibo baten bidez:

  • Zerbitzuen kudeaketa publikoa
  • Kalitatezko zerbitzuetarako langile ratio egokiak
  • Lana eta familia bateragarri egitea ahalbidetzen duten lanaldiak
  • Langileei egonkortasuna eta etorkizunerako bermeak ematea
  • Kalitatezko kontratazioak, soldata duinekin
  • Putre-funtsen partaidetza mugatzea eta eragoztea
  • Profesionalen osasuna zaintzea eta artatzea
  • Sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa

Sektoreko langileok funtsezkoak gara gure adinekoei eta mendeko pertsonei arreta emateko. Baldintza duinak dituen lan batek bakarrik bermatuko ditu erabiltzaileentzako kalitatezko zerbitzuak. Sektoreko patronalei eta Nafarroako Gobernuari beren erantzukizuna beren gain hartzeko eskatzen diegu, hirugarren adineko pertsonak zaintzen dituzten profesionalen lan-baldintzetan funtsezko hobekuntzak bermatuz.

Gure aldarrikapenak ikusarazi nahi ditugu. Horregatik, gaur arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara, stand bat jarriko dugu Carlos III.a kalean, entzierroaren monumentuaren ondoan, Nafarroako herritarren sinadura bilketaren bidez babesa jasotzeko, gizartearen babes osoa Nafarroako Gobernuari helarazi ahal izateko.

Ez dugu onartuko gaur egun dauden hain baldintza prekarioekin jarraitzea. Mendekotasun zerbitzuetan egiten den lanaren duintasuna aldarrikatzen jarraituko dugu eta horregatik beste greba egun bat deitu dugu datorren larunbatean, maiatzak 14.

Guztion zain egongo gara maiatzaren 14an 12:00etan autobus geltoki zaharrean egingo den manifestazioan.