Sektore publikoa

Nafarroako Gobernua lan baldintzak hobetzearen aurka dagoela kritikatzen du ELAk

2023/02/10
Nafarroako enplegatu publikoek Estatuko behin-behinekotasun tasa handiena pairatzen dute eta duela lau urte baino pobreagoak dira. Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak emandako argudioak guztiz inkoherenteak dira.

Asteazken honetan, Presidentzia, Funtzio Publikoa eta Barne Kontseilariak prentsaurrekoa egin zuen, eta bertan argudiatu zuen Gobernuak ezin zuela langile publikoentzako soldata igoerarik egin. ELAren iritziz, Kontseilariak erabilitako argudioak ez datoz bat errealitatearekin:

  • Lehenik eta behin, eta legegintzaldi osoa egin duen bezala, Estatuko araudiak soldata igoerak egitea eragozten diola argudiatu zuen. Suhiltzaileei aplikatutako soldaten igoerak eta sindikatu medikoari 400 euroko igoerak ekarri dizkion proposamenak ez dute horrelakorik erakusten.

  • Gainera, Kontseilariak soldatak igotzea ezinezkoa zela justifikatu zuen, Gobernu Zentralak ez duelako uzten. Oso ibilbide gutxiko argudioa da, kontuan hartzen badugu alderdi politiko berak ari direla gobernatzen Madrilen (PSOE eta Podemosen koalizioa) eta Nafarroan (PSN koalizioa, Podemos eta Geroa Bai). Gainera, Nafarroako Gobernuaren jarrera honek bere eskumenak erabiltzeari uko egiten dio.

  • Bestalde, Kontseilariak adierazi zuen legegintzaldian zehar % 12 igo dela langile publikoen soldata. Datu hori ez dator bat errealitatearekin, igoera % 8,9koa izan baita. Hala ere, ez zuen aipatu Nafarroan 2019az geroztik KPIren batura %14,3 dela. Beraz, enplegatu publikoak erosteko ahalmena galtzen ari dira legegintzaldi honetan, eta horri gehitu behar zaio 2010az geroztik duten %15eko galera. Egoera hori, alde batetik, Gobernu zentralak, UGTk eta CCOOk Madrilen lortutako akordioen ondorio da, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuak Estatuarekiko duen menpekotasunaren ondorioz. Guztiak, Nafarroako zerbitzu publikoentzat ondorio larriak ditu.

  • Azkenik, baliabide ekonomikorik eza argudiatu zuen Kontseilariak. Ikuspuntu horretatik, ELAk salatu du aurreko legegintzalditik ez dela inolako erreforma fiskalik egin. Egia esan, Nafarroan indarrean jarraitzen du UPNren gobernuen fiskalitate berak: guztiz eskasa (Europar Batasuneko batez bestekoa baino 1.675 milioi gutxiago biltzen dira), bidegabea (biltzen diren 10 eurotik 7 laneko errentetatik datoz) eta enpresei iruzur fiskala baimentzen diena. Gainera, Nafarroak 2021. urtea 468 milioi euroko superabitarekin amaitu zuen, estatu osoan superabit handiena izan zuen erkidegoa izanik.

Hori guztia dela eta, ELAk Nafarroako Gobernuari dei egiten dio sindikatuekin negoziazio bat egin dezan, langile publikoen erosteko ahalmena berreskuratzeko, enplegu publikoa finkatzeko behin behinekotasun tasa %8ra murriztuz, langile guztientzat irizpide objektiboetan oinarritutako karrera profesionala zabaltzeko eta lan kargen arazoari aurre egiteko.