Nafarroako Gobernuak Administrazio Publikoan behin-behinekotasunaren aldeko apustua egiten jarraitzea deitoratu du ELAk

2022/04/28
Funtzio Publikoak 2.492 plaza egonkortzeko egin duen proposamenarekin, behin-behinekotasun-tasak %50etik gorakoa izaten jarraituko du

Nafarroan urte luzeetan lan eskaintza publiko murritzera hain ohituta gaudenez, Funtzio Publikoak proposatutako kopurua asmo handiko neurria dela eman dezake. Horregatik, ELAtik garrantzitsua iruditzen zaigu zifra hori testuinguruan jartzea eta horren irakurketa kritikoa egitea.

Kontuen Ganberak Nafarroako Kontu Orokorrei dagokienez 2020ko ekitaldiari buruz egindako fiskalizazio-txostenaren arabera, behin-behinekotasuna %40tik %54ra igo da 2016-2020 aldian. Zenbakitan, 2016an Foru Administrazioan 10.790 langile zeuden, eta 2020an 17.056. Nafarroako Gobernuak aurreikusi dituen 2.492 plazak egonkortu egingo lirateke (irakasleak sartu gabe), baina horrek 2019 eta 2020 artean izandako behin-behinekotasunaren igoera arintzeko baino ez luke balioko. Urte horietan Administrazioa 14.880 langile izatetik 17.056 izatera igaro zen. Hau da, kopuru hori oso urrun dago Administrazioak berak azken bost urteetan sortu duen behin-behinekotasunaren hazkundea neutralizatzetik ere.

Txosten horrek adierazten duen bezala, “egiturazko beharrak eta premia iraunkorrak aldi baterako langileekin betetzen ari dira, eta lanpostu hutsen kopurua handitu egin da. Horren ondorioz, herritarrei zerbitzuak ematen jarraitu behar denez, Administrazioan enpleguaren behin-behinekotasuna handitu egin da, eta urtetik urtera handitzen ari den gehiegizko indize kezkagarrira heldu gara, giza faktorearen nolabaiteko deskapitalizazioa eta plantillaren zahartzea eraginez”. Ondoren, Nafarroako Kontuen Ganberak berak “araudiaren testuinguruan dauden lanpostu hutsak betetzeko eta enpleguaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak har ditzala” gomendatzen dio Gobernuari.

ELAk urteak daramatza aldarrikapen horrekin berarekin. Premiazkoa da Administrazioan prekarietatea normalizatu duen inertzia horri amaiera ematea. Beharrezkoa da langileen lan-eskubideak bermatzeko, baina baita kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzeko ere.

20/21 Legeak administrazioetan behin-behinekotasunaren %8 lortzeko ezohiko egonkortze-prozesuak baimentzen dituen une honetan, dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko eta LEP prozesu bermatzaileen bidez aspaldidanik zerbitzu publikoei eusten dieten 15.000 langile publiko finkatzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari.