Nafarroako Gobernuak bere EPE proposamenarekin 2.000 lanpostu baino gehiago suntsitzea babesten du

2018/11/22
ELAk Administrazioko Mahai Orokorreko gaurko bileran salatu egin du Nafarroako Gobernuak 2.000 lanpostu baino gehiago suntsitzen ari dela bere EPE (Enplegu Publikoaren Eskaintza) proposamenarekin. Eskainitako plaza-kopuruari dagokionez, ez dituzte beteko ezta gaur egun dauden beharrizanak ere. Hortaz, Kontuen Ganberak arestian argitaratu duen txostenaren arabera 2013 eta 2017 bitartean 3.523 baja gertatu dira funtzionarioen artean, gehienak erretiroa hartzeagatik.

Aldi horretan 301 langile soilik sartu dira Nafarroako Administrazioan. Horrek ematen digu aditzera 2.922 plazako beherakada izan dela azken bost urteotan. Horren haritik aipaturiko txostenetik ateratzen da plantillaren %45 behin-behineko pertsonala zela 2017ko bukaeran, eta funtzionarioen erdiak baino gehiago 50 urtetik goitikoak direla.

ELA sindikatuak Mahai Orokorrean salatu duenez 751 plaza birjarpen-tasa moduan eskaintze horrek (bajen ondoriozko postu hutsak betetzeko tasa) arazoa handitu bertzerik ez duela eginen, kroniko bihurtzeraino.

ELArendako onartezina da birjarpen-tasarena aipatzea, kontuan hartzen badugu ia plantillaren erdiak behin-behinekoak direla eta Administrazioan azken urte hauetan suntsituriko enplegu-kopuruak oso handiak izan direla. Berriz ere ezarri da Madriletik bete behar den plaza-kopurua, zenbaitetan ustezko %100aren azpitik. Horregatik galdatzen diogu Nafarroako Gobernuari autogobernua gauzatzeko eta plaza guztiak deialdian sartzeko, eta hainbertze murriztu den eta hain egoera prekarioan dagoen plantilla hori osatzearen aldeko benetako hautua egiteko, plantillari egonkortasuna emanez eta kalitatezko enplegu publiko baten aldeko apustua eginez.

Bertzalde, ELAk, legealdi osoan egin izan duen bezala, postuen gaineko azterlan bat egiteko eskatzen du, benetan dauden beharrizanak zein diren ezagutzeko. Beharrizanak ezagutzea behar-beharrezkoa da funtsezko plangintza bat egin ahal izateko, onetsi beharreko plaza-eskaintzaren gainean.