Nafarroako Gobernuak deitutako epea berriz ere eskasa eta baztertzailea da

2019/02/04
ELAk gogorarazten du oraindik 2.400 bat plaza behar direla krisiaren aitzakiaz suntsitu ziren lanpostuak berreskuratzeko, aurreko ratioekin jarraituz gero sortu beharko zirenak gehitzeko eta behin-behinekotasuna %6ra jaisteko

ELArentzat inola ere ez da nahikoa Nafarroako Gobernuak 2019rako maisu/maistren kidegorako egindako 643 plazetako EPE deialdia. Plaza hauetatik 242 birjartze tasari dagozkionak dira, jubilatu diren irakasleak ordezkatzeko soilik. Beste 401ak egonkortze tasari dagozkio, egun dugun behin-behikotasun altua jaisteko. Hau horrela, egungo interinitate tasa %33 ingurutik %28ra jaitsiko litzateke, oraindik oso urrun Hezkuntza Departamentuak berak lan itunean jasotako helburutik, %8a. ELAk %6ra jaistea proposatzen du. Horretarako plan zehatz eta kalendarizatua egin beharko luke Nafarroako Gobernuak.  



Krisiaren aitzakiaz murrizketa latzak ezarri zirenean irakaslegoan 800 lanpostu kendu ziren, horietatik ia 400 berreskuratu dira gobernu honekin. Bestalde, krisi aurreko ikasle-irakasle ratioak mantendu balira ia beste 400 irakasle gehiago beharko lirateke. Honek esan nahi du, batetik, suntsitutako eta sortu ez diren beharrezko lanpostu horiek berreskuratzeko 800 langile falta direla. Bestetik, behin-behinean diarduten langileak egonkortzeari ekin beharko litzaioke lehenbailehen. Osotara 2.800 langile inguru egonkortu beharko lirateke eta EPE honek 400 soilik egonkortuko ditu. Beraz 2.400 langile geratuko lirateke oraindik egonkortu gabe. Hau onartezina da zerbitzu publikoen kalitatea bermatu nahi badugu.



Hau nola lortu? EPE deialdi masiboen bidez. Egonkortzeko EPE masibo hauek sindikatuokin adostua izan beharko lukete ezinbestean, urteetan behin-behineko egoeran aritu diren langileek lanpostu bat mantentzeko ahalik eta aukera gehien izan ditzaten.



Bestetik, ezin da iazko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako EPE prozesuaren desastrea errepikatu. Behin-behineko langileak egonkortzeko tresna izan behar lukete EPEek, ez prekarietatea egonkortzeko tresna. Frogak baztertzaileak dira, ebaluazio eta zuzenketa irizpideak ez dira argiak, frogak ez daude zehaztasunez definituta, ez ziren plaza guztiak esleitu, ezin izan ziren azterketak edo/eta expedienteak berrikusi iraila-urria arte... Prozesu guztia bukatzen denean, beraien lanpostuak egonkortzeko “gai” izan ez diren hautagaiak, ikasturtez-ikasturte kontratatuak izaten jarraitzen dute behin-behinekotasuna eta prekarietatea betikotuz, funtzionarioak baina malguagoak eta merkeagoak izanik hauek…

Departamentuak kontuan hartu beharko lituzke sindikatuok egindako ekarpen eta eskaerak iazko egoera tamalgarria errepika ez dadin.



Oposizioak egindakoan sortuko diren kontratazio zerrenden kudeaketari buruz, sindikatu guztien errefusarekin ezarri zen 51/2018 Foru Aginduak jarraituko du indarrean, oposaketak eta zerrendak lotuta egonik. Honek, interinoen egoerari eta ikastetxeetako plantillari ezegonkortasun nabaria dakarkio. Era berean, Departamentuak zerrenden segregazioari (hizkuntza, espezialitate eta kidegoa) jarraipena ematen dio, berdintasun, gaitasun eta merituaren printzipioak bermatuko lituzken zerrenda integratuari bizkarra emanez.



Garaia da Nafarroako Gobernuak bere hezkuntza eskumenak erabil ditzan behingoz, Madrilen menpe egon gabe erabakiak hartzerakoan. Gobernu berriak negoziazio kolektiboaren eskubidea urratzen du berriz ere, EPE deialdi hau ez baita mahai sektorialetik pasa ere egin.