Nafarroako Gobernuak Nafarroako aurrekontu politika Madrilen erabakitzea ontzat eman du beste behin

2018/09/13
2019an Nafarroako aurrekontu politika ez aldatzeko lehen pausoa da hau.

Nafarroako Gobernuak 2019ko gastu muga 4.018 milioi eurokoa izango dela iragarri du. Hau da, datorren urtean 2018an baino 129,2 milioi euro gehiago gastatuko dira (% 3,3 gehiago).

Nafarroako Gobernuak gastu muga 2017an Estatuko Gobernuarekin adostutakoaren arabera ezarri du. Akordio horretan 2018-2020 urteetarako defizit muga (% 0,1 2019an), zor publikoaren muga (% 23,3 2019an) eta gastu araua adostu zituzten. Gastu arauak 2019an aurrekontua % 2,7 baino gehiago ezin dela handitu termino nominaletan ezartzen du, eta hortik gorako diru-sarrerak zor publikoa ordaintzera bideratuko direla.

Akordio hau da 2019ko aurrekontuak sail ezberdinei diru gehiago ez bideratzearen arrazoia, nahiz eta diru-sarrerak hazi.

Politika fiskala eta aurrekontu-politika dira gainontzeko politikak baldintzatzen dituztenak. Beharrezkoa da behar sozialak asetzea bermatuko duen aurrekontua izatea.

Zentzu honetan, ELAk aurrekontua dauden behar sozialen arabera egitea proposatzen du (norabide berean doan zerga-politika ezarriz). Eta ez aurrekontua Madrilen erabakitzen diren arauen arabera egitea, eta dagoena Departamentu ezberdinen artean banatzea.

Aurrekontu-politika honek, besteak-beste, honakoa suposatzen du:

  • Autogobernuaren eta Nafarroan bertako aurrekontuak erabakitzearen aurka doa. Defizit mugaren eta gastu arauaren inguruko akordioek suposatzen dute Nafarroako Gobernuaren aurrekontua, eta gainontzeko administrazio eta udalen aurrekontuak Madrilgo Kongresuan erabakitzea. Non daude Hitzarmen Ekonomikoaren abantailak bertako aurrekontuak erabakitzeko garaian?

  • Politika hau eztabaidarik sortu gabe ezartzen da. Nafarroako Gobernuak politika hau ontzat ematen du eta Madrilgo Gobernuarekin adostu, eztabaidarik gabe eta zalantzan jarri ere egin gabe. Hau onartzeak suposatzen du diru-bilketa jaisten bada, murrizketak egingo direla, baino diru-bilketa hazten bada aurrekontua ez dela haziko.

    Oso larria da Nafarroako Gobernuak politika hau onartu eta adostea. Baino are larriagoa da honen inguruan eztabaidarik ez egitea edo bestelako politika bat aplikatzen ez saiatzea.

  • Lehentasuna zor-publikoa ordaintzea da. Muga hauek onartzeak Gobernuaren lehentasuna zor-publikoa ordaintzea dela onartzea da, behar eta gastu sozialen aurretik.